Josu Oiarzabal eta Nekane Zinkunegi aurrera Osinalde sariketan

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2013ko mar. 12a, 11:59

Apirilaren 6an Gabirian jokatuko den Osinalde sariketako finalean izango dira biak. Eneritz Artetxe Erniarraitzeko azkoitiar bertsolaria hilaren 23ko kanporaketan izango da, Aztirian.

Zapatu gauean jokatu zen bertsolari gazteen 42. Osinalde sariketako lehenengo kanporaketa, Ordiziako Argi-Berri elkartean. Epaileen puntuaketaren arabera, Josu Oiarzabal Xenpelar azpeitiarrak eta Nekane Zinkunegi errezildarrak (Erniarraitz Bertsozale Elkartekoak) irabazi zuten finalerako txartela. Finala, apirilaren 6an izango da, Gabiriako Osinalde Elkartean. Entzuleen iritziak ere bat egin du epaimahaikoen erabakiarekin; XVI. Argi Berri saria, Xenpelar-entzat izan zen.

Zapatuko Ordiziako kanporaketan sei bertsolari aritu ziren kantuan: Aitor Salegi (Zestoa), Aitzol Iturbe (Antzuola), Paula Amilburu (Aramaio), Josu Oiarzabal (Azpeitia), Ainhoa Comas (Amurrio) eta Nekane Zinkunegi (Errezil). Igor Eguren aritu zen gai-jartzaile lanetan.

Urteroko legez, bertsolarien lana eskertze aldera, Garikoitz Telleriak, Argi Berri Elkarteko zuzendaritzaren izenean, Irriz eta Malkoz izeneko bertso bilduma bana eman zien sei gazteei. Entzuleek aukeratutako bertsolari gustukoenak, Josu Oiarzabalek, 'Txikia saria' jaso zuen Jexux Mari Irastortza, Argi Berri Elkarteko Lehendakariaren eskutik. 57 lagunek afaldu zuten Argi-Berri elkartean. Dena den, 70 bat lagunek jarraitu zuten saioa.

Eneritz Artetxe Aztirian

Eneritz Artetxe azkoitiar bertsolaria hilaren 23ko hirugarren eta azken kanporaketan izango da, Aztirian. Maddi Ane Txoperena (Hendaia), Imanol Uria (Algorta), Peio Ormazabal (Arrigorriaga), Imanol Irazustabarrena (Alegia) eta Joanes Etxeberria (Barkoxe) izango ditu saiokide Artetxek, eta afarirako sarrerak salgai daude dagoeneko.