Bakardadearen kapera ezagutzeko bisita gidatua, zapatuan

Uztarria.eus 2013ko mar. 7a, 20:11

Urola Erdiko, Debagoieneko eta Urola Garaiko turismoa sustatzeko Ezkutuko altxorrak ekimen berriaren barruan kokatuko da bisitaldia. Eguerdiko 12:00etan egingo dute, eta parte hartu nahi dutenek aurrez egin behar dute erreserba.

Urola Erdiko, Debagoieneko eta Urola Garaiko garapen agentziek hiru eskualdeotako turismoa sustatzeko ekimen berria jarri dute abian. Ezkutuko altxorrak izena eman diote eta, hain zuzen ere, hiru eskualdeetako hainbat 'ezkutuko altxor' bistaratuz bisitariak erakartzeko helburuarekin ekin diote proiektuari. Ignaziotar lurraldea deritzon eskaintzaren barruan kokatu dute ekimena, Loiolako santutegiaren, Arantzazuko santutegiaren eta Antiguako ermitaren bueltan dauden beste hainbat gune eta eskaintza ere indartzeko asmoarekin.

Aurreko asteburuan hasi eta ekainaren 23a arte, hamahiru udalerritan kokatutako hamazazpi eraikin, monumentu edota gune ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte. Azpeitiaren kasuan, bi dira bisita gidatuen bidez ezagutzera emango dituzten guneak: parrokian dagoen Bakardadearen kapera eta Loiolan dagoen Garate Anaiaren jaiotetxea.

Eta zapatu honetan, martxoaren 9an, da egitekoa Ezkutuko altxorrak horren barruan Azpeitiari dagokion lehen bisita gidatua. Bakardadearen kaperan egingo dute, eguerdiko 12:00etan. Parte hartu nahi dutenek aurrez egin behar dute erreserba, hiru telefono hauetakoren batera deituta (943 796463, 943 851100 edo 943 730428), edo info@tierraignaciana.com-era idatzita.

Zapatu hontakoaz gain, martxoaren 23an eta 30ean, eta maiatzaren 4an eta 25ean ere egingo dituzte Bakardadearen kapera ezagutzeko bisita gidatuak. Garate Anaiaren etxeko bisita gidatuak, berriz, martxoaren 31n, apirilaren 28an, maiatzaren 26an eta ekainaren 2an egingo dituzte.

Ezkutuko altxorrak ekimenaren gaineko informazio osoa Ignaziotar Lurraldea-ren webgunean ikus daiteke.