Martxoaren 9ko enpleguaren aldeko manifestazio nazionalerako deia egin dute

Uztarria.eus 2013ko mar. 1a, 18:50
Langileen ordezkariak pankartaren atzean elkartuta, INEM-eko bulegoaren atarian. (NEREA URANGA)

Urola-Kostako enpresa batzordeetako ordezkariek eta enpresa txikietako langileen ordezkariek agerraldia egin dute gaur, ostirala, Azpeitiko INEM-en atarian, Bilbora joateko arrazoiak plazaratzeko.

Urola-Kostako enpresa batzordeetako eta enpresa txikietako langileen hainbat ordezkarik agerraldia egin dute gaur, ostirala, Azpeitiko INEM-en atarian. Arrazoia, martxoaren 9an Enplegua defenda dezagun leloarekin Bilbon egingo den manifestazio nazionalerako deia egitea izan da.

Mobilizazio horri begira plazaratutako manifestua irakurri dute langileen ordezkariek, eta eskualde mailan jasotako atxikimenduen berri ere eman dute. Urola-Kostako 26 enpresatako enpresa batzordek eta enpresa txikietako langileen ordezkariek eman dute atxikimendua martxoaren 9rako; horien artean daude Azpeitiko Corrugados Azpeitia, Glual Hidraulica, Biele, Sarralle, Astigarraga Kit Line eta Kimu Bat. Gainera, San Martin zaharren egoitzako, Grumaleko, Corrugados Lasaoko eta Sammic-eko LABeko sail sindikalen atxikimenduaren berri eman dute gaurko agerraldian.

Manifestua

Hau da, osorik, langileek aurkeztu duten manifestua:

"Espedienteak, enpresa itxierak, deslokalizazioak, soldata baxuagoak lan ordu gehiagoren truke... langileok pairatzen ari garen erasoa etengabekoa da eta gero eta bortitzagoa. Eta hau sektore guztietan gertatzen ari da: eraikuntzan, industrian, merkataritzan, ostalaritzan, sektore publikoan... Azken honetan, gainera, pribatizazioek, enplegua kaskartzeaz gain, oinarrizko zerbitzuak kolokan jartzen ari dira. Egoera jasanezina da.

Horregatik enpresa komite ezberdinetako langileok bat egin dugu, bakoitzak bere errealitatetik, gure enpresetan burutzen ari garen borrokak ez direlako, ez direlako izan behar, borroka indibidualak. Gero eta enpresa gehiagotan ari gara langileak egoera antzekoak pairatzen eta beharrezkoa ikusten dugu denok batera, bakoitza bere gatazka partikularretik, gatazka hauek guztiak kalera batera ateratzea.

Enpleguaren eta lan baldintzen kontrako erasoak lehen mailako arazo soziala dira. Gizarte osoaren kontra egiten ari dira, gizarte osoa ari direlako pobretzen eta miseriara kondenatzen. Eta langabezian geratuz gero: enplegurik lortzeko esperantzarik ez eta, gainera, langabezi prestazio gero eta murritzagoak agortu eta gero, ezer ere ez. Egoera benetan latzak bizitzen ari dira gure herrian.

Gobernuei enpleguaz hitz egiten entzuten diegu etengabean, baina praktikan ez da enplegu politika eraginkorrik egiten. Hau frogatzen duten datuak hor daude. Gaurko egoera aplikatzen ari diren politiken emaitza da, politika horiek patronalak egintzen dituen berberak direlako. Bide honetatik badakigu nora goazen: ez dago enplegu sortzerik, ez dago enplegu duinik, langabezia eta pobrezia gehiago baino, Grezian gertatu bezala:

  • Lan erreforma aplikatzea enplegua suntsitzeko eta enplegua gero eta kaskarrago bihurtzeko modua da.
  • Ez dago konponbiderik espedienteen arauketaren bitartez. Eremu pribatuan aspalditik erabiltzen dira eta eremu publikoan ere erabili ahalko dira aurrerantzean. Patronalari -pribatu eta publikoari- nahi duen erara inposatzeko aukera eman zaio eta horretan enplegua suntsitzeko eta langileok mehatxatzeko aukera paregabea oparitu diote.
  • Kaleratzeetara jotzen da enplegua banatu beharrean. Enplegu berria sortu eta lana banatu behar da denok lan egin ahal izan dezagun. Eta horretarako bideak egon badaude.
  • Eta kaleratzeak mehatxu bezala erabiltzen dira soldata eta lan baldintza kaskarragoak inposatzeko.

Gure asmoa da ahalik eta komite gehien eta ahalik eta gizartearen sektore gehienen atxikimendua biltzea, denok batera kaleratzeei, erreformari, inposaketei ezetz esateko eta enplegua defendatzeko. Denon borrokak bateratu nahi ditugu bakoitzaren borrokaren mesedetan eta patronalak eta instituzioek gure aldarrikapenak ozenago entzun ditzaten.

Beraz, eta amaitzeko, agerraldi honetara bertaratu garen Urola Kostako enpresa batzordeetako eta enpresa txikietako langileen ordezkariok, martxoaren 9an Bilbon, Jesusen Bihotzatik, arratsaldeko 17:30ean deituta dagoen manifestaldi nazionalean parte hartzera deitzen dugu.

Gaurko borroka biharko enplegua".