Nekane Zinkunegirentzat da Komunitatean otsailean ekarpenak egiteagatik Uztarriak emandako saria

Uztarria.eus 2013ko mar. 1a, 14:22

Joan den hilean webgunearen Komunitatean ekarpenak egin dituzten norbanako kideen artean Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria zozkatu dira.

Uztarria.com-en Komunitatea atalean otsailean zehar ekarpenak egitearen truke Uztarria Komunikazio Taldeak emandako saria Nekane Zinkunegik jasoko du. Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria dira errezildar kazetariak gozatu ahal izango dituenak.

Komunitatean taldeek zein norbanakoek dute kide izateko eta, horrela, Uztarria.com-en beren ekarpenak egiteko aukera. Une honetan Uztarriaren webguneko Komunitateak 209 kide ditu. Saria zozketatzearen ekimena, berriz, kide norbanakoen parte-hartzea sustatzearen helburuarekin jarri zuen abian Uztarriak. Horretarako, otsailean zehar artikulu, iruzkin, argazki edota bideo gisa ekarpenen bat egin duten kide norbanakoak hartu ditu kontuan zozketarako; bestelako albisteetan-eta erantzun gisa egindako ekarpenak ez dira kontuan hartu, kasu honetan.

Joan den otsailaren 4an urtebete bete zuen Komunitateak, Uztarria.com berritzearekin batera jaio baitzen azpeitiarren parte-hartzerako tresna berria.