Azpeitiarrak Korrikaren ginkanan

Uztarria.eus 2013ko ots. 28a, 19:41

Herriko zortzi lagunek osatutako taldeak hartuko du parte Gipuzkoako finalean eskualdea ordezkatuz. Zapatu honetan izango da, Irunen.

Korrikaren 18. edizioa gerturatzen ari den heinean, haren bueltan eta Korrika Kulturalaren barruan antolatutako ekimenak ugarituz doaz. Aurtengo berrikuntzen artean, Korrikaren antolatzaileek Lekukoaren bila ginkana prestatu dute. Ahalik eta herri gehienetako taldeek parte hartzea izan da helburua, gehienez zortzi lagunez osatutakoak. Eskualde mailako kanporaketak igarota, asteburu honetan hasiko dira herrialde mailakoak eta horietako batean, Gipuzkoan, hartuko du parte Azpeitiko taldeak.

Miriam Juaristik, Ainara Larrañagak, Borja Eizagirrek, Alaitz Ruizek, Iñaki Hernandezek, Aitor Hernandezek, Unai Frantzesenak eta Eñaut Frantzesenak osatuko dute Azpeitiko taldea eskualdeen arteko lehia horretan. Zapatu honetan izango dute ginkana, Irunen. Zapatuko ginkana irabaziz gero, Baionan jokatuko lukete final nagusia martxoaren 24an, Korrikaren amaierako ekitaldien barruan.

Ginkanaren gaineko informazio osoa Korrikaren webgunean dago. Azpeititik martxoaren 20an igaroko da Korrika.