"Eratze prozesuko helburuak bete" dituela dio Azpeitiko Sortuk

Uztarria.eus 2013ko ots. 28a, 13:21
Sortuko kideak gaur eman duten prentsaurrekoan.

Azpeitiko Sortuko kideak "gustura" agertu dira alderdiaren eratze prozesuak herrian izan duen erantzunarekin: "Ilegalizazio fasearen ostean, zailtasunak izan ditugu eratzerakoan, baina saretze horri abiapuntua eman diogu, eta oinarria osatu dugu". Hilaren 22an, ostirala, egingo dute Azpeitiko Sorturen aurkezpen ekitaldia Sanagustin kulturgunean.

Azpeitiko Sortuko kideak "gustura" agertu dira alderdiaren eratze prozesuak herrian izan duen erantzunarekin: "Ilegalizazio fasearen ostean, zailtasunak izan ditugu eratzerakoan, baina saretze horri abiapuntua eman diogu, eta oinarria osatu dugu". Horrenbestez, "helburuak bete" dituztela azaldu dute gaur, osteguna, eman duten prentsaurrekoan.

"Sortu ezkertiar eta abertzale oro bildu nahi dituen adierazpen politiko izateko jaio da, eta bere helburua Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea" izango dela jakinarazi dute. Gainera, Sorturen ildo politikoa bi ardatzen gainean garatuko dela ere adierazi dute: "Batetik, bizi dugun gatazka politiko honen konponbidea muturrera eramateko bideak eraikitzen jarraituko dugu eta, bestetik, gure herria nazio aske eta burujabe gisa eraikitzeko, egungo ereduaren aldaketa soziala bultzatzeko lan-ildoak eta proiektuak martxan jarri eta bultzatuko ditugu".

Azpeitian egindako batzarretan izandako eztabaiden ostean, "lehentasunezkotzat hartu da bizi dugun egoera sozioekonomiko larriari aurre egingo dion alternatiba eraiki eta garatzea, eta gatazkaren konponbidean urgentziazko pauso gisa hartu da euskal preso eta iheslari politikoen behin betiko etxeratzea", erantsi dute: "Lehentasun horietan indarrak biderkatu beharko ditugu, beti ere, gazte mugimenduarekin eta langile mugimenduarekin eta, oro har, herri mugimenduarekin komunikazioa eta elkarlana lehenetsiz".

Eztabaida prozesuan "etengabe azpimarratu da Sortuk herri dinamika eta lan instituzionala uztartu behar dituela, eta Udalari begira, Sorturen estrategia politikoa Bilduren baitan" kokatzen dela argitu dute.

Azpeitian, prozesu eratzailean ehun bat herritarrek hartu dute parte, eta "Zutik Euskal Herria ebazpenean jasotako estrategia berritua abiapuntutzat hartu, eta guztion artean Sorturen oinarri ideologikoak, aurrera eraman beharreko ildo politikoa eta hori guztia egituratzeko beharrezkoa den funtzionamendu eta antolaketa eredua definitzen aritu gara", esan dute. 

Joan den otsailaren 23an eman zion Sortuk bukaera eratze prozesuari, alderdiaren lehenengo kongresuan, Iruñeako Baluarte antzokian. Azpeitian abenduaren 1ean egin zuten aurreneko batzarra, eta otsailaren 14an egin zuten azken batzarra hautagaien eta alternatiben bozketarekin.

Ekitaldia hilaren 22an

Azpeitiko Sortuk ekitaldi irekia egingo du hilaren 22an, ostirala, Sanagustin kulturgunean, 19:00etan hasita. Alderdiko kideek azaldu dutenez, ekitaldi politikoa izango da eta bertan Azpeitiko Sorturen lan-ildoak eta herriko Sortuko ordezkarien aurkezpena egingo dute.