Adinekoen egoitzetako langileek hiru eguneko greba hasiko dute gaur

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 27a, 11:13
Urola Kosta eskualdeko helduen egoitzetako ELA eta LABeko ordezkari sindikalak herenegun Azpeitian egindako agerraldian. (Nerea Uranga)

Lanpostu duinak izateko, berme politiko eta legalak ematen dituen lan hitzarmena eskatzen dute.

Urola Kosta eskualdean dauden adinekoen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak mobilizatzen hasita daude, lan baldintza duinak bermatzen dituen lan hitzarmen baten eske eta Espainiako lan erreformaren kontra. Baina gaur mobilizazioa gogortu egingo dute, hiru eguneko greba hasiz. Gaur hasi eta ostirala artean egingo dute lanuztea. Gaur arratsaldean, 18:15ean, elkarretaratzea egingo dute Getariako, Orioko eta Zarauzko egoitzetako langileek Zarautzen, Torre Luzean.

Grebarekin segitzeko prest daudela eta greba mugagabea hastea ez dutela baztertzen esan dute Urola Kostako LAB eta ELAko egoitzetako ordezkariek. "Gure lan baldintzak kalean lortu ditugu eta bertan defendatuko ditugu. Helburuak lortu arte borroka egiten segitzeko asmoa dugu".

Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azpeitia eta Azkoitiko helduen egoitzetako ELA eta LABeko ordezkariak bildu ziren herenegun Azpeitian. Bat eginda sektorearen egoeraren eta gaurtik hasiko duten lanuztearen berri eman dute.

Beharrezko berme politiko eta legalak dituen lan hitzarmena eskatzen dute helduen egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek. Lanpostuak duinak izateko hitzarmenak Espainiako lan erreformaren kontrako edukiak izan beharko dituela diote. Horrez gain, ekonomikoki hobekuntzak izan beharko ditu, "bai soldatetan eta baita eduki sozialetan ere. Eta, nola ez, hitzarmen berriak subrogazioaren klausula eduki behar du".

Gipuzkoan 5.000 langile inguru dira adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan lanean dihardutenak; horietatik 300 inguru Urola Kosta eskualdeko egoitza eta zentroetan ari dira. Sektoreari buruzko hainbat datu ematen hasita, hauek nabarmendu dituzte bi sindikatuetako ordezkariek: "Sektore feminizatua da, oso prekarioa. Gogorra da fisikoki eta psikikoki. Langileen herenak lanaldi partziala dute; kasu askotan, gainera, egutegirik gabe eta une oro telefono bidez lan egiteko prest egon behar dute. Subrogatuak izateko eskubiderik gabe daude".

Soldata behera, orduak gora

Sektoreko enpresek langileei jakinarazi die uztailetik aurrera, Espainiako lan erreforma kontuan hartuta hitzarmen berria ezarriko dietela. Gaur egun dauzkaten ia lan baldintza guztiak galduko dituztela salatu dute ELA eta LABeko ordezkariek: "Hilabeteko soldata 400 euro gutxiagokoa izango dugu, eta urteko lanaldia 200 ordu gehiagokoa".

Gaur egun Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan lurraldeko lan hitzarmena dute indarrean. Gainera, hainbat egoitzatan baldintzak hobetzeko akordio propioak dituzte. Baina datorren uztailaren 7tik aurrera Espainiako lan erreformaren araberako hitzarmena ezarriko zaie. Sektoreko langileentzat hori "drama" izango dela diote. "Langileen borrokaren bitartez lortu diren lan baldintza guztiak galdu egingo ditugu, eta sektorean lan egiten dugun langileontzako drama izugarria izango da".

Patronalak "lotsagarri"

Iazko urriaren 19tik ari dira sektoreko patronalekin ados jartzeko ahaleginean, baina hauek erakutsitako jarrerarekin kritikoak dira egoitzetako langileak. "Mahai negoziatzailea osatu zen, baina bertan Adegik eta Laresek egindako proposamenak lotsagarriak dira. Argi dugu patronalen estrategia negoziazioa ahalik eta gehien luzatzea eta oztopatzea dela. Hala, uztailaren 7a iritsiko da, eta nahi dutena lortuko dute: gure eskubideak suntsitzea".

Langileen arabera, Adegik eta Laresek bi proposamen egin dizkiete langileei. Bata, urteko lanaldia 38 ordu gehiagokoa izatea, soldatak izoztea eta lan erreforma oso-osorik ezartzea. Eta bestea, aurreneko proposamena mantenduz, Gipuzkoako Foru Aldundiak planteatu ditzakeen hobekuntzak eta aurrekontuetarako igoerak zuzenean egoitzak kudeatzen dituzten enpresetara bideratzea; era horretan, egoitzetako plazak kontzertatu eta enplegua sortu ahal izateko. "Hori langileei dagokiena lapurtzea da", diote langileek. Bi proposamenak baztertu dituzte langileek.
Langileen arabera, lan erreforma eurei inposatuta enpresen irabaziak areagotu nahi dituzte: "Irabaziak %15 gehiago izango lituzkete, baina langileen baldintzak okertuz eta prekarizazioa areagotuz". Egoitzen gestioa irabaziak ematen dituen negozioa dela diote langileek. "Sektore honetako enpresa eta entitateek diru asko irabazi dute. Egoitza batek ere ez ditu ateak itxi, ez dago enpresarik egoitza bat kudeatzeari uko egin dionik; enpresen artean lehia dago egoitzen kudeaketa hartzeko. Negozio garbia da, arriskurik gabea, irabaziekin; eta ezin da ahaztu finantzazio handiena diru publikoa dela".

Urtarrilaren 22an negoziazio mahaia bertan behera gelditu zen. "Eta horrela egongo da, onargarriak diren edukiak mahai gainean egon arte", diote langileek.