Xabier Lizaso: "Paralelismo handiak daude Xenpelarren eta Chopinen artean"

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 21a, 14:37

Xabier Lizaso piano-jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak Bi arreba ikuskizuna taularatuko dute igandean, Bertso Astearen baitan. 18:00etan hasiko da, Sanagustin kulturgunean, eta sarrerak kulturguneko webgunean eskuratu daitezke.

Erniarraitzen Bertso Astearen baitan, Bi arreba ikuskizuna taularatuko dute Xabier Lizasok eta Andoni Egañak igandean, 18:00etan, Sanagustin kultugunean. Bertsolaritza eta musika klasikoa bat eginik; Frantzisko Petrirena Rekondo Xenpelar eta Fryderyk Franciszek Chopin eskutik hartuta, alegia. Baten lirika eta bestearen musika. Lehenengoaren arreba, eta bigarrenaren arreba. Bi artista guztiz ezberdinek antzekotasun asko dituztela erakutsiko du Xabier Lizaso (Orio, 1965) piano-jotzaileak, bertsolari zarauztarrarekin batera. Hona hemen biharko egunkarian piano-jotzaileari eginiko elkarrizketaren aurrerapen:

Chopinen arreba, batetik, eta Xenpelar-en arreba, bestetik. Kasu honetan, piano-jotzaile bat eta bertsolari bat oholtza gainean; eta, batak, musika klasikoa du ardatz, eta besteak, bertsoak.  Nola sortu zitzaizuen biak uztartzeko ideia?

Egia esan, ideia ez zen nirea izan, ezta Andoni Egañarena ere. Nire lehengusu batena baizik. Hortik abiatuta, Egaña eta biok nire etxean elkartu ginen, eta balkoian jarrita hitz egiten hasi ginen. Solasaldiak aurrera egin ahala, Egaña konturatu zen niri Chopin asko gustatzen zitzaidala, askotan aipatzen nuelako, eta berehala Xenpelar-ekin parekatu zuen. Garai bertsukoa izateaz gain, biek arreba izan zuten alboan haien azken egunetan. Gertakari horri tiraka, gero eta antzekotasun gehiago zituztela ikusi genuen, eta halaxe ekin genion proiektuari.

Printzipioz,  nahiko korapilotsua dirudi bi pertsonaia hauek bat egitea, baina horrela kontatuta nahiko bizitza antzekoa izan zutela ematen du.

Bai, hala da. Gero, bakoitzak berean (Chopinek musikan, eta Xenpelar-ek hitzetan) berritzaileak izan ziren. Chopinek, esaterako, musika erabiltzeko beste modu bat sortu zuen, baita pianoa jotzeko teknika berri bat ere, nahiz eta orduan inork kasurik ez zion egin. Egun, ordea, pianorako erabiltzen dugun teknika Chopinek garai hartan proposaturikoa da. Alde horretatik, paralelismoa handiak daude bien artean.

Bi arreba ikuskizunak oholtza gainean elkartu ditu orain. Nola egituratuta da­go emanaldia?

Bien bizitza kontuan hartuta, eta ikuskizunaren izenburuaren haritik, Chopinek arrebari idatzitako pieza ezagun batekin hasten gara. Hain zuzen ere, El pianista filmaren hasieran agertzen den nocturno-arekin. Ezaguna denez, jendeari ez zaio aspergarria egiten. Pieza jo ondoren, berriketan hasten gara bakoitzaren istorioa kontatzen, euren bizitzako bitxikeriak hartuz. Bitxikeria horietan Chopinen piezak eta Xenpelar-en bertso ezagunak txertartzen ditugu, eta, era berean, elkarren gaiak lotzen saiatzen gara. Chopinek egun tragikoak izan zituen bizitzan zehar. Adibidez, Varsovian gerra hasi zen, bera Vienan kontzertu bat ematen ari zela, eta berria jaso bezan pronto, obra bat idatzi zuen. Xenpelar-ek ere gerrari buruzko bertsoak idatzi zituen, eta horiek Egañak abesten ditu, nik pianoz lagunduta.

Ikuskizun honek bi publiko mota erakar ditzake. Bertsozaleen eta musika klasikoaren zaleen bilgunea izan nahi al du?
 
Helburua hori da. Nik bertsolaritza aspalditik dut gustuko, baina ez naiz aditua. Egaña alboan izan da, askoz ere gehiago ikasi dut. Ez bertsolaritza bakarrik, baizik eta bertsolariak zer nolako sentsazioak izaten dituen publiko aurrean jartzerakoan. Egañak berak ere onartu dit asko harritu dela musikarion prestaketarekin. Izan ere, Chopinen piezak fisikoki asko eskatzen dute, eta emanaldia hasi aurretik eskuak ur berotan berotu behar izaten ditut, muskulatura prest eta lasai edukitzeko, hain justu ere. Egaña zur eta lur geratu zen nire ohiturarekin. Egia esan, elkarrengandik asko ikasten ari gara, eta jendeak ere hori ezagutzea nahiko genuke.
 
Proiektua erronka handia izango zen biontzat, ezta?
 
Hasiera batean, bai. Lehengusuak musika klasikoa bertsolaritzarekin uztartzeko ideia bota zidanean, ez nuen garbi ikusten nola bideratu genezakeen. Egaña eta biok gaiaz solasean hasi ginenean, honako hau sortu genuen. Ni oso gustura nago emaitzarekin, eta uste dut Egañak ere gauza bera esango lukeela.
 
Lehengusuak ideia aurkeztu zizunean garbi al zeneukaten Andoni Egañak izan beha rzuela bertsolaria?
 
Nire lehengusuak, behintzat, garbi zeukan. Dena den, hori Bertsozale Elkarteak erabaki du. Gu haiekin harremanetan jarri ginen, eta bat etorri ziren lehengusuaren ideiarekin. Egaña aipatzen zuen lehengusuak, bere ibilbideagatik eta nortasunagatik, eta, egia esan, oso erraza izan da berarekin lan egitea. 
 
Hiruzpalau hilabete pasatu da Bi arreba ikuskizuna estreinatu zenutenetik, eta, harrezkero, antzokiz antzoki zabiltzate. Espero zenuten harrera izaten ari al da?
 
Jendea harrituta geratu da ikuskizuna ikusi ondoren. Saio bukaeran komentatu digutenaren arabera, ez zuten uste bertsolaritzak eta musika klasikoak zerikusirik izan zezaketenik. Guri edo, behintzat, niri hasieran gertatu bezala. Harrigarria egin zaie nola uztartzen ditugun. Antza denez, oso erraz jarraitzen dute bi orduko saioa, eta asko ikasten dute Chopini eta Xenpelar-i buruz.
 
Proiektu honekin ez ezik, kontzertu didaktikoekin ere buru-belarri zabiltza azken urteetan.
 
Duela 20 urte inguru hasi nintzen Kutxa Fundazioarekin lanean, eta ez dakit nondik datorkidan, baina txikitatik izan dut musika klasikoa zabaltzeko behar edo nahi hori. Kutxa Fundazioarekin hasi nintzen kontzertu didaktikoekin, eta Euskal Herrian eta Espainian zehar aritu naiz batik bat haurrentzat eta gazteentzat saioak eskaintzen, baina baita helduentzat ere.
 
Kasu honetan, didaktikotasun hori bertsolazaleei bideratuta al dago?
 
Emanaldia nahiko didaktikoa dela azaldu digute. Agian,hori da nire estiloa, kendu ezin dudan estiloa. Didaktiko samarra bihurtu dugu, baina nik esango nuke gustatzen ari dela.