Martxelo Otamendi justu hamar urtera, berriro Azpeitian izango da

Uztarria.eus 2013ko ots. 19a, 11:44

2003ko otsailaren 19an, 'Egunkaria'-ren aurkako operazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, hitzaldi batean izan zen. Gaur ere Azpeitian, Sanagustin kulturgunean, izango da Otamendi, Aho bizarrik gabe ekimeneko lehenengo solasaldian. 19:30ean hasiko da.

Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria zela, Martxelo Otamendik 2003ko otsailaren 19an hitzaldi bat eman zuen Azpeitian Baigerako aretoan, Baite Euskara Elkarteak antolatuta, eta ordu batzuk geroago egin zuen Espainiako Estatuak Egunkaria-ren aurkako operazioa; tartean, Otamendi atxilotuz. Aurtengo otsailaren 19an, gaur, Azpeitian, Sanagustin kulturgunean izango da Otamendi, hamar urtera hain justu, Aho bizarrik gabe ekimenaren lehenengo hitzaldian. 19:30ean hasiko da.

Egunkaria auzia izango du gaurko gaietako bat. Horretaz gain, euskal prentsaz, Euskal Herriko egoera politikoaz, Herrialde Katalanez eta beste zenbait gaiz ere ariko da. Mikel Aiestaran kazetaria ariko da gaiak jartzen.

Aurtengo San Sebastian bezperan ere Azpeitian izan zen Otamendi, udaletxean, bandera igotzean. Izan ere, Azpeitiko Udalak Egunkaria-ri aitzortza egin zion, eta ordezkaritza bat etorri zan.

Oro har, bi hilean behin izango dira solasaldiak. Dena dela, gonbidatuen agendak markatuko du hitzordua. Esate baterako, Otamendiren ondorengoa ez da apirilean izango, baizik eta martxoaren erdialdera. Joango gara jakinarazten xehetasunak.

Aho bizarrik gabe da solasaldion leloa, Imanol Lazkano bertsolariaren liburuaren izenburua bera.

Solasaldien ezaugarriak

- Helburua: kalitateko eta prestigioko saioak antolatzea Azpeitian, euskaraz.
- Gonbidatua: Euskal Herriko pertsona ezagun bat, euskalduna. Kontuan hartu pluraltasuna: arloa, sentsibilitatea... 
- Formatoa: kazetari batekin solasaldia gonbidatuak. Kazetariak gaiak aipatu —puntuak jarri—, gonbidatuak gogoetak egin ditzan.
- Kazetaria: Azpeitiko bat. Txandatzen joan.
- Maiztasuna: oro har, bi hilean behin.
- Tokia: Sanagustin kulturgunea. 
- Eguna-ordua: asteguna (asteartea-asteazkena), arratsean. 
- Iraupena: ordubete pasatxo. 
- Ekitaldia: irekia.

Antolatzaileak

- Kultur Mahaia-Sanagustin kulturgunea.
- Uztarria Komunikazio Taldea.
- Erlo Telebista.
- Urola Kostako Hitza.