Lanbide Heziketako Olinpiadetan Espainia mailako saria eskuratu du Iñaki Hernandezek

Uztarria.eus 2013ko ots. 18a, 12:13
Heziketa Zikloetako Fabrikazio Mekanikoko programazioko ikaslea da Iñaki Hernandez. (IMH)

Heziketa Zikloetako Fabrikazio Mekanikoko programazioko ikaslea da azpeitiarra, eta CNC Torneaketa proban, urrezko domina eskuratu du asteburuan Madrilen. Mundu mailako olinpiadetan izango da, datorren uztailean, Alemanian.

Iñaki Hernandezek (Azpeitia, 1991) Worldskills Spain 2013n txapelketako CNC Torneaketa proban, urrezko domina eskuratu du asteburuan, Madrilen. Lanbide Heziketako Olinpiadak egin dituzte IFEMAn, eta lehen postua eskuratzeaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko onena ere izendatu dute azpeitiarra.

Elgoibarko IMHko Hezibi-Goi Mailako Heziketa Zikloetako Fabrikazio Mekanikoko programazioko ikaslea da Hernandez, eta mundu mailako olinpiadetan lehiatuko da hurrena. Uztailaren 2tik 7ra bitartean Alemaniako Leipzig-en izango da azpeitiarra, hain zuzen ere.

Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko hamabost ikastetxetako 21 ikaslek hartu dute parte txapelketan eta 18 probatan aritu dira.