Olatz Saitua: "Kontzertuko kantak herrikoiak direnez, jendeak bere egiten ditu"

Urola Kostako Hitza 2013ko ots. 15a, 13:22
Olatz Saitua sopranoa da, eta Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin eta IƱaki Salvador piano-jolearekin hirukoa osatuz eskainiko du kontzertua Sanagustin kulturgunean, igandean.

Betiko euskal abestiak ahots lirikoekin eta jazz doinuekin eskainiko dituzte Saituak, Zubillagak eta Salvadorrek, Sanagustin kulturgunean, etzi, igandea. Kontzerturako sarrerak salgai daude www.sanagustinkulturgunea.com webgunean.

Olatz Saitua (Bilbo, 1967) sopranoak, Ainhoa Zubillaga mezzosopranoarekin eta Iñaki Salvador piano-jolearekin hirukoa osatuz, Begirada bi-Betiko kantak kontzertu lirikoa eskainiko du igandean, Sanagustin kulturgunean; 20:00etan izango da saioa. Euskal folkloreko abestiak jaso eta grabatu dituzte, eta diskoa oraindik argitaratu ez badute ere, zuzenean aurkezten hasi dira. Kontzerturako sarrerak salgai daude www.sanagustinkulturgunea.com webgunean.

Begirada bi-Betiko kantak proiektu berri aurkeztuko duzue igandean. Zer  da zehatz-mehatz?

Euskal kanten, melodien eta folklorearen inguruko proiektua da. Bere hazia 1971n argitaratutako Viejas canciones donostiarras liburuan du, eta bilduma hori Donostiako Aurrezki Kutxak argitaratu zuen. Jesus Mari Arozamenaren literatur testuak eta Tomas Garbizuren musika zeukan, eta bertan Garbizuk berak moldatutako ehundik gora euskal abesti jaso zituzten. Guk zerrenda luze horretako abesti batzuk hartu ditugu; batzuk jasotako moduan eta beste batzuk, berriz, gaur egunera ekarri ditugu, Iñaki Salvadorren egokitzapenekin. Beraz, duela 40 urteko lana eguneratuta eskaintzen dugu.

Noren ideia izan zen berreskuratze lan hori abian jartzea?

Ainhoa Zubillaga mezzosopranoaren ideia izan zen. Orain dela hamar urte inguru Garbizuren abesti horiek grabatzeko ahalegina egin zuen, piano-jole baten laguntzarekin, baina beste arrazoi batzuk zirela medio, ekimena bukatu gabe utzi behar izan zuen. Edonola ere, beti geratu zitzaion noizbait horri berriz heltzeko gogoa. Artean, elkar ezagutu genuen, eta Pablo Sorozabalen eta Aita Donostiaren abestiekin disko bat grabatu genuen, Eugenio Tobalinaren gitarraz lagunduta. Halaber, Ainhoak beste proiektu bat zuen Iñaki Salvadorrekin, Voces de cine izenekoa. Beraz, hirurok ba­tuta Garbizuren kontuari heltzea otu zitzaion, Salvadorren gaurko begiradarekin.

Zenbat denbora daramazue honekin lanean?

Iaz abiatu genuen proiektua. Neguan abestiak aukeratzen hasi ginen: egokienak zeintzuk iruditzen zitzaizkigun, zeintzuk moldatuko zituen Iñaki Salvadorrek, zeintzuk egin Garbizuren eran… Aipatuko liburuko abesti bat edo beste baino ez zegoen dueto moduan idatzita, eta bi ahotsetarako guk geuk moldatu ditugu. Salvadorrek, gainera, sormen lan ikaragarria egin du, eta balio handia eman die abestiei.

Eguneratu esaten duzunean, kontzertu lirikoak jazz ukitua izango duela esan nahi al duzu?

Hori da. Iñaki Salvador bere paperean aritu da, alegia. Diskoa grabatzen aritu garenean, adibidez, Goizeko argia izeneko abestiaren lau hartualdi egin genituen. Abesti horren hasieran bi minutuko intro bat egiten du pianoarekin, eta bertsio bakoitzean intro ezberdin bat jotzen zuen, bat-batean inprobisatuz, eta bata bestea baino politagoa. Uztarketa moduko bat da, eta esan genezake hiruok aurretik egin ditugun lanek hona ekarri gaituztela.

Askotan kontzertu lirikoak auditorio edo antzoki handitan egiten dira.  Kasu honetan, ordea, herriz herri ekin diezue. Jende ororengana iristea al du helburu?

Gure ahotsa berezia da, lirikoa, abesbatzetan eta erabiltzen dena, baina kanta herrikoiak izanda, tesitura ezberdina erabiliko dugu. Musikagile klasikoek pianoko eta ahotseko lana egiten dutenean, normalean, tonua ez da horren gora joaten, eta bolumena normalagoa izaten da. Orduan, nahiz eta kontzertu lirikoa izan, abestiak normal antzera entzuten dira. Ez dugu gauza arrarorik eskainiko, abestiak herrikoiak baitira, guztiz ezagunak, eta guztiok dakizkigunak. Guretzat testua ulertzea eta komunikazio zuzena egitea benetan garrantzitsua da.

Joan den astean eskaini zenuten estreinako kontzertua, eta igande honetan, Azpeitian, bigarrena. Zer moduzko erantzuna izan duzue?

Oso ona. Guk, behintzat, inpresio hori hartu genuen. Interpretatzen ditugun abestiak jendeak bere egiten ditu, betikoak direlako, eta, azken finean, hori da proiektu honen indarra. Ez dira abesti zaharrak edo ezezagunak, baizik eta lagunartean, afalostean edo familian abesten ditugunak. Orduan, oso polita da ikustea jendeak zer-nolako harrera onarekin entzuten dituen. Hunkitu egiten dira, eta transmizio hori mantendu beharrekoa da. Askotan badirudi koadrila giroan abesten direlako balio gutxiago dutela, baina hori ez da horrela.

Proiektua bera disko batean jaso duzue; martxoan emango duzue argitara. Kontzertuan diskoko abesti guztiak abestuko al dituzue? 

Diskoan 27 abesti jaso ditugu, baina batzuk elkartu egin ditugu eta, azkenean, 23 pieza izango dira. Kontzertuan ez ditugu guztiak interpretatuko; hau da, errepertorioa zertxobait laburtu dugu saiorako. Ordubete inguru iraungo du ekitaldiak. Diskoa oraindik ez dugu argitaratu, baina jada hasi gara zuzenekoekin.

Non eta noiz aritu zarete grabatzen?

Gabonetan aritu gara diskoarekin lanean. Euskadiko Orkestra Sinfonikoak Miramonen duen egoitzan grabatu genuen, Donostian; izan ere, akustika oneko toki bat nahi genuen. Kike Fernandez Krutxaga izan da soinu teknikaria, eta programako oharrak Anjel Lertxundik idatzi dizkigu.