Mikel Ibarzabal: "Jendeak festarako gogoa erakutsi du"

Uztarria.eus 2013ko ots. 13a, 11:42

Aurten ere asko landutako mozorroak jantzi dituzte haurrek eta helduek. 

Azpeitiko inauterietan festarekin batera protagonista nagusia euria izan da, baina hala ere "jendeak festarako gogoa" erakutsi duela zioen atzo arratsaldean Mikel Ibarzabalek, Festa batzordeburuak. "Bai Elegante Egunean, bai inauterietako astelehenean euria egin arren, jendea festa gogoz ikusi da, eta herritarren parte hartzea handia izan da. Guzti-guztiei eskerrak eman beharrean gaude, jendearen eta eragileen parte hartzearekin lortuko baitugu festa hobeak izatea", zioen atzo udaleko festetako ordezkariak.
 
"Seguru, eguraldiak lagundu balu parte hartze handiagoa izango zela, baina hala ere bai haurretan eta bai helduetan landutako mozorroak kaleratu dituzte herritarrek, lana egiten denaren seinale", gaineratu du Ibarzabalek. Aurten ere, helduen mozorro lehiaketako irabazleak aukeratzeko lanak izan dituztela esan du.