"Gure lagunentzat, guztiz arraroa da hau"

Gipuzkoako Hitza 2013ko ots. 8a, 18:57

Gipuzkoako organo-jotzaileen gainean erreportaje zabala egin dute Gipuzkoako Hitza-n. Tartean, Azpeitian Jose Luis Frantzesena Juan Antxieta Musika Eskolako zenbait ikaslerekin egiten ari den lana jaso dute.

Adiskideen eta ikasketen inguruan harilkatzen dute beren eguneroko bizitza. Eskolako jardunaz harago, piano ikasleak dira biak, eta, azken urte hauetan, organoa jotzen ikasten ere ari dira. Azpeitian bertan, Esklabatako elizan jasotzen dituzte eskolak, eta, asteburuetan, inguruko elizetan ibiltzen dira hainbat elizkizunetan organoa jotzen. Irri artean aitortzen diete lagunei, lotsatuta ere bai sarri: "Gure lagunentzat, guztiz arraroa da hau".

Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942) dute irakasle. Musikari ezaguna da; Azpeitiko Musika Bandako zuzendari ohia, eta Azkoitiko Santa Maria La Real elizako organista titularra -"Cavaille-Coll dotorea da"-. Erretiroa hartu zuenean erabaki zuen organo eskolak ematen hastea. Kezkatuta hasi zen. "Ikusi nuen inguruko organisten artean zaharrena eta gazteena neu nintzela", oroitu da. Inguruan organo oso dotoreak dituzte: Azpeitiko eta Azkoitiko Cavaille-Coll organoak, Errezilgoa, Urrestillakoa... Ulertu zuen horien inguruko jarduna biziberritzeko ezinbestekoa dela gazteak organora hurbiltzen saiatzea.

Musika eskolatik

Azpeitiko Musika Eskolatik bideratzen dizkiote ikasleak, gazteak gehienetan. Zenbaitetan, hartzen ditu edade handiagoko ikasleak ere. Gazteen erantzunak harritzen du, batez ere. Oinekin eta eskuekin jo behar izaten da organoa; postura bihurriak hartu behar izaten dira sarri, eta gehienak bikain egokitzen direla dio: "Gazteak erraz jartzen dira".

Geroa oraindik luzea eta lausoa izaten den nerabezaroaren sasoi horretan daude Bereziartua eta Arenas. Ez dakite datorren ikasturtean zer unibertsitate ikasketa hasiko dituzten; ez non; ez norekin; ez nola. Ez dakite musika ikasketekin jarraituko duten, ezta organoarekin ere. Oraingoz, esperientzian murgilduta dabiltza. Arenasek dio zenbat eta gehiago jo orduan eta gustagarriagoa dela: "Pianoa baino konpletoagoa da; zuk bakarrik jotzeko ere, osoagoa". Elizara hain sarri joan behar hori, horixe egiten zaie, batez ere, bitxia. "Eta mezetan, finean, laguntzaile bat besterik ez zara", dio Bereziartuak. "Hori bai, mezak oso eskasak izaten dira organorik gabe". Ikasle gazteokin batera, badu beste bat ere Frantzesenak: Inazio Arakistain. "14 urte ditu, eta oso ondo aritzen da", aditzera eman du maisuak.