Martxoaren 20an, gauean, pasatuko da 18. Korrika Azpeititik

Uztarria.eus 2013ko ots. 6a, 13:38

Martxoaren 14an, osteguna, hasiko da 18. Korrika eta hamar egunera, martxoaren 24an, Baionan bukatuko da, Eman euskara elkarri lelopean. Tartean, Euskal Herriko hainbat herri eta hiri zeharkatuko ditu euskararen aldeko lasterketak. Azpeititik martxoaren 20an, asteazkena, pasatuko da, 22:10ak aldean. Hemen 18. Korrikaren ibilbidea eta ordutegia.

Omendua: euskara ikasleak

AEK-k azaldu duenez, aurtengo Korrikak euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsona omenduko ditu: "Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak. Lanetik irtendakoan euskara ikastera doazen Aitor eta Nerea, bilobak eskolan utzi eta gero euskaltegira doazen Karmen eta Jose, euskara ikasten hasi den Yasmin, mintzalagun talde batean dagoen Felipe, barnetegira doan Ximun, Gau Eskolan ari den Elisabete, Osvaldo, Ane…".