Ohore bat izan da Imanol, eskerrik asko!

Luciano Lazkano, Jose Mari Bastida, Julian Eizmendi, IƱaki Errazkin eta Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkate izandakoak) 2013ko urt. 31a, 12:54

Eskerrik asko! Horixe da buru-bihotzera datorkigun esateko bakarra une honetan.

Eskerrik asko, Imanol. Eta adiorik ez!

Gure herriko historiaren puska handi bat joan zaigu. Imanolen heriotzak tristura eta emozioa dakarzkigu, baina batez ere, harrotasuna: harro gaude gure herriak horrelako herritarrak izateaz.

Ohore bat da Imanol Eliasen herrikide izatea. Berak bezala, herriaren alde egitea, Azpeitia maitatzea, azpeitiarrak izatea, "egin eta egin" jarraitzea… Garai hauetan inoiz baino garrantzitsuagoa da Imanolen figura eta baloreak azpimarratzea. Bidelagun izan genuen, iparrorratza izan zen, abertzalea, euskalduna, altxor humanoa... eta zenbat gauza gehiago!

Bere bidea jarraitzen ahaleginduko gara, atzo baino indar gehiagoz, gaur, bere omenez.

Olerki ezagunak dioen antzera,

"herritar batzuek herriaren alde egun batez lan egiten dute

eta onak dira,

beste batzuk urtebetez egiten dute lan herriaren alde

eta hobeak dira

urte luzez lan egiten dutenak ere badaude

eta horiek oso onak dira

baina badira bizi guztian herriaren alde lan egiten dutenak:

eta horiek, horiek ezinbestekoak dira."

Horietakoa zen Imanol, ezinbestekoetakoa.

Ohore bat izan da Imanol, eskerrik asko.