Autoz baino "politago"

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 31a, 11:55
Ander eta Joseba Garmendia anaiak beren altzairuzko bizikletekin Amsterdamen, joan den udan egindako bidaian.

Berlinetik Parisera bizikletaz egindako bidaia aurkeztuko dute Ander eta Joseba Garmendia anaiek gaur, osteguna, 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean.

Bidaiatuz ekimenaren baitan, Ander eta Joseba Garmendia anaiek udan bizikletaz egindako bidaia izango dute hizpide bihar, 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Garmendiatarrak txirrindulari izandakoak dira, eta kirol arloan ez ezik, eguneroko bizitzan ere asko erabiltzen dute bizikleta, batetik bestera edo lanera joateko. Bizikletenganako maitasunak bultzatuta, Berlin-Amsterdam-Paris zeharkaldia osatzeko erronkari heldu zioten.

"Bidaia bat egin nahi genuen bizikletan. Hasieran Eskoziara joatea pentsatu genuen, baina logistikoki arazo dezente sortzen zituenez, Europa barruan egitea erabaki genuen", adierazi du Joseba Garmendiak. Ibilbide bat bilatzen ari zirela eta, Berlin eta Paris lotzea bururatu zitzaien, bi hiriburu garrantzitsu direlako eta historikoki ere pisu handia dutelako. "Ibilbidea nahiko laua zenez, kilometro dezente egiteko aukera ematen zigun, gainera". Ibilbidearen erdian, Amsterdametik pasatu ziren. "Herbehereak paradigma moduko zerbait dira bizikleta munduan. Jende askok erabiltzen du bere egunerokoan, eta hori ezagutzeko asmoarekin txertatu genuen bidaian".

Hamabi egun

Abuztuaren 2an abiatu ziren trenez Berlinera, eta abuztuaren 14an itzuli ziren berriro ere etxera. Hamabi eguneko abentura izan bazen ere, bizikletaz bederatzi egun aritu ziren; gainerako egunak batetik bestera joatekoak izan ziren, hain zuzen ere. Berlinetik Pariserako tarte horretan 1.300 kilometro osatu zituzten. "Horri azken eguna gehitu behar zaio, Baionatik Azpeitira bizikleta gainean itzuli baikinen", azaldu du txirrindulari azpeitiarrak.

Bizikletako jardunaldiak egun osokoak izaten ziren. "Goizez abiatzen ginen, eta egun guztia pasatzen genuen txirringan. Lehenago iritsi nahi izaten genuen arren, askotan iluntzeko 09:00ak ematen zizkiguten. Batez beste, egunero 180 kilometro egiten genituen. Nahiko ibilbide luzeak egiten genituen, egia esan. Bidaiaren amaieran are luzeagoak egin behar izan genituen, aurreikusitako egutegiak bat egin zezan".

Zeharkaldia osatzeko ez zituzten punta-puntako tramankulurik eraman, zaharkitutako bizikletak baizik. "Fidagarritasun mekanikoaren bila joan ginen. Egungo bizikletak batik bat karbonoz ekoitziak daude, eta arinak izanagatik, ez dute agian horrenbesteko segurtasunik ematen bidaia hauetarako. Beraz, duela 15 edo 20 urteko altzairuzko bizikletak erabili genituen, egungoak baino sendoagoak direlako". Bizikleta bakoitzaren atzean atoi bana lotu zuten, norbere ekipajea garraiatzeko. "Erosoago izateaz gain, bizikletarentzat egokiagoa zela pentsatu genuen".

Inguruak gozatuz

Txirrindularitza maila lehiakorrean bizi izan dute bi anaiek hainbat urtetan, baina esperientzia hura "txirrindularitzaz gozatzeko beste modu bat" izan zela nabarmendu dute. "Honek ez du zerikusirik kirol txirrindularitzarekin. Goizean goiz abiatzen ginen, gelditu behar genuenean geldituz, eta jateko nahiz argazkiak ateratzeko gure denbora hartuz. Azken finean, gure asmoa inguruaz gozatzea zen; hau da, beste kultura batzuekin erlazionatzea. Alde horretatik, esperientzia ezin hobea izan zen, erabat aberasgarria eta gomendagarria".

Joseba Garmendiaren iritziz, autoz hegazkinez baino "hobeto" ezagutzen dira bazterrak. Bizikletaz autoz baino "hobeto eta politago", ingurua ongi ezagutezko denbora gehiago eskaintzen duelako. Bidaiatzeko beste aukera bat da, beste alternatiba bat. Agian, gurean horrenbeste ematen ez dena, baina ibilitako herrialdeetan nahikoa zabaldua dagoena. "Eta hori asko eskertzen duzu. Galduta zabiltzanean edo laguntza behar duzunean jendeak zalantzak argitzeko jarrera izaten du".

Ikus-entzunezko saioa

Ordubete inguru iraungo du bi­harko saioak. Bidaiaren nondik norakoak azalduz ekingo diote anaiek: "Nola egin genuen eta nola prestatu genuen kontatuko dugu". Ondoren, bildutako materialarekin osatutako ikus-entzunezko emango dute, bidaiako bideoak eta argazkiekin. Buka­tzeko, ikusleei emango diete hitza, galderak egiteko aukera emanez.
Esperientzia errepikatzeko gogoz geratu dira, eta zerbait badabilkite buruan, nahiz eta oraindik ez duten ezer erabaki. "Aurten ez bada datorren urtean beste bidaia bat egin nahiko genuke. Gogorra da, eta askotan nekagarria, kanpinetan eta aterpetxetan lo eginez, baina merezi du".