Corrugados Azpeitia martxan jarriko dute, negoziatzeko asmoa alde batera utzi gabe

Urola Kostako Hitza 2013ko urt. 25a, 14:00
Gaur goizean Corrugados Azpeitiaren sarreraren ataria, barruan bilduta egon dira langile gehienak. (Nerea Uranga)

Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek ondoren azaldu dutenez, "gaur enpresak komunikatu digu datorren astelehenean tailerra arrankatuko duela. Hau da guk, greba utzi genuenetik, eskatu duguna. Emandako urrats hori garrantzitsutzat jotzen dugu eta negoziaziorako lagungarria izan daitekeela uste dugu".

"Inposatutako" oporraldia bukatu ostean, gaur goizeko zortziretan Corrugados Azpeitiako langileak lantegira joan dira eta barruan bilduta egon dira, eta zuzenean enpresaburuen azken proposamenaren berri jakin dute. Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek ondoren azaldu dutenez, "gaur enpresak komunikatu digu datorren astelehenean tailerra arrankatuko duela. Hau da guk, greba utzi genuenetik, eskatu duguna. Emandako urrats hori garrantzitsutzat jotzen dugu eta negoziaziorako lagungarria izan daitekeela uste dugu, beti ere esatetik egitera pasatzen bada eta, horregaitik, hurrengo egunetan esandakoa gauzatzeari begira egongo gara".

Langileen ordezkarien arabera, enpresak hitza beteko duenaren berme onena "lan karga ekartzea da" eta horren zain daude. Enpresak egindako azken proposamena aztertzen ari direla diote Enpresa Batzordeko ordezkariek, "berriro, enpresaren bideragarritasuna langileen soldaten gain ipintzen baitu". Hori arazoari irtenbidea emateko "debate faltsua sortzea" dela esan dute, langileen ordezkariek. Enpresaren etorkizuna Gallardo Taldearen jarraitzeko borondatetik etorriko dela esan dute, "eta ez soldatakin gora eta behera ibiltzetik". "Borondaterik ezean doan lan eginda ere ez legokelako etorkizunik", gaineratu dute.

Datozen egunetan Enpresaren Batzordeak, proposamen berria helaraziko dio enpresari. Enpresa Batzordeko ELA eta LABekoek azaldu dutenez, eurak beti prest egongo dira negoziatzeko eta lan gatazka honi adostutako irtenbide emateko.