Euri erauntsien gainetik, gora sansebastianak!

Uztarria.eus 2013ko urt. 20a, 01:39
Plazaren estanpa ederra izan da gaur ere, parte-hartzaileak blai eginda zeuden arren.

Ur-jasa etengabearen azpian hasi dira 2013ko festak. Helduen danborrada beranduago hasi da eta ibilbide laburragoa izan du, baina parte hartu duten danbor-jotzaileen umorea eta ehunka ikusleren festarako gogoa nagusitu dira. Gauerdian, Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Eneko Etxeberriak igo dute Azpeitiko bandera, eta Martxelo Otamendik, Joanmari Larrartek eta Iñaki Uriak -Egunkaria eta Berria-ren ordezkariek- ikurriña.

Azpeitiko helduen danborradaren historia luzean -1959an ospatu zuten aurrena- euria askotan egin du, baina ez ziren asko izango aurtengoen tamainako zaparraden azpian egindako danbor festak.

Ur-jasa etengabearen azpian hasi dira 2013ko festak. Helduen danborrada beranduago hasi da eta ibilbide laburragoa izan du, baina parte hartu duten danbor-jotzaileen umorea eta ehunka ikusleren festarako gogoa nagusitu dira. 23:00etan abiatu dira 26 taldeak, Gastadoreak aurretik zituztela, Olazko Andre Mariaren plaza aurretik. Azken unean, parrokia atariko ekitaldia bertan behera uztea erabaki dute; haizeak gogor jotzen zuen Perez Arregi aldean, eta han jo beharko zuten zenbait taldek, eliz atarian kabitzen ez direnek.

Horrela, Goikokalen behera, plazatik Enparan kalera jo dute parte-hartzaileek, eta Erdikalen gora gero, plazako elkarteratzera iristeko. Ibilbide labur eta ez ohiko horrek nahastea ere eragin du une batzuetan -plaza parean goitik behera taldeak zetoztela, han gelditu dira batzuk jada behetik zetozenei plazan sartzen uzteko-, baina gauerdirako hamar minutu falta zirela talde guztiak plazan zeuden, beren lekua hartuta.

Giza eskubideak eta euskal prentsa gogoan... eta Reala ere bai

Gauerdia baino lehenxeago, danborradako hainbat taldeetako ordezkariek Giza eskubidea. Irtenbidea. Pakea. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira zioen pankarta zabaldu dute kioskoan, danborradan aurkezle lanetan aritu den Koldo Aldalur kazetariak udaletxetik aurrez onartutako testua irakurtzen zuen bitartean.

Gauerdiko kanpaikaden ondotik, urtero bezala, San Sebastian Martxa-ren doinuek bete dute plaza, udaletxeko balkoian Azpeitiko bandera eta ikurriña igotzen zituzten bitartean. Iragarrita zegon bezala, euskal prentsari aitortza egin dio Azpeitiko Udalak, eta Martxelo Otamendik, Joanmari Larrartek eta Iñaki Uriak -Egunkaria eta Berria-ren ordezkariek- igo dute ikurriña; orain dela hamar urte Egunkaria itxi zutenean hanlanean ari ziren hamabi azpeitiarretako batzuk ere udaletxean izan dira.

Azpeitiko bandera, berriz, Martin Garitano ahaldun nagusiak eta Eneko Etxeberria alkateak igo dute. Iñaki Errazkin azpeitiar diputatua ere udaletxean zen, baita aurtengo danborradan estreinatu duten Goizeko Izarra-ren egile Joxe Mari Gurrutxaga Txokolo-ren familiakoak ere.

Bitartean, plazan, mela-mela eginda zeuden parte-hartzaileek umoreari eusten zioten, aterkipean eta arkupetan babesa aurkitu nahian elkartu diren ikusleek bezala. Ezusteko 'pieza' berria ere jo dute, Realaren aldeko oihuekin.