Zuolako sendiari nola lagundu aztertzeko bilera, gaur

Uztarria.eus 2013ko urt. 16a, 16:36

Denon Artean aurrekontuak osatzeko prozesuaren bilera baliatuko dute, goizaldean luizi batek hondoratu duen baserriaren gaia jorratzeko.

Gaur, asteazkena, Urrestillan Denon Artean aurrekontu parte-hartzaileen bilera aurreikusita zegoen (19:00etan, Ibai Gain jubilatuen elkartean). Bileraren gai-zerrendak, ordea, aldaketak izango ditu. Gaur bertan, goizaldean, luizi batek Zuola baserria harrapatu du eta Urrestillako Herri Batzordeak, Azpeitiko Udalarekin hitz egin ondoren, arratsaldeko bilera Zuolako sendia nola lagundu aztertzeko erabiltzea erabaki du.

Horrela, Udaleko ordezkariak ere han direla, zer pauso eta nola eman hizpide izango dute. Hori dela eta, lehenaz gain, batzarrean parte hartzera deitu dituzte urrestildarrak. Azpeitiko Udalaren 2013ko aurrekontuen gaia ere landuko dela azaldu dute Herri Batzordetik, baina bigarren maila batean.