Luizi batek harrapatu du Urrestillako Zuola baserria

Uztarria.eus 2013ko urt. 16a, 10:25
Urrestillako Zuola baserria, luizi batek harrapatuta

Bart gertatu da, 04:30ak aldera. Baserri zaharraren ondoan eraikitako etxe berria da kaltetutakoa. Bertan bizi ziren sei lagunak onik daude, baina kalte materialak handiak dira.

Euriak ez du ia etenik izan atzoz geroztik, eta Azpeitian ere utzi du ezbeharren bat edo beste. Zuola baserrian, esaterako. Bart gertatu da, 04:30ak aldera. Baserri zaharraren ondoan eraikitako etxe berria da kaltetutakoa. Bertan bizi ziren sei lagunak onik daude, baina kalte materialak handiak dira. Etxearen lehenengo solairua lurperatuta dago.

Larrialdietako iturriek jakinarazi dutenez, etxekoek goizaldeko hiruak aldera somatu zuten etxea mugitu egiten zela eta beren kabuz alde egin zuten, senide baten etxera. 

Suhiltzaileak bertan izan dira goizean, eta baserri zaharretik ardiak atera dituzte. Momentuz, ordea, etxejabeek ezin dute barrura sartu, etxea luiziak hartuta dago eta, lekukoen arabera, "oraindik hondoratzen" ari da.