Astelehenean hasiko dira aurtengo aurrekontu parte hartzaileak osatzeko bilerak

Uztarria.eus 2013ko urt. 10a, 17:26

Iazko Denon artean prozesua "oso positiboa" izan zela-eta, aurtengo aurrekontuak ere parte hartzean oinarrituta osatuko dituzte. Astelehenean, hilak 14, Matxinbenta eta Landetako bizilagunekin bilduko dira udal ordezkariak.

Aurtengo udal aurrekontuak osatzeko Denon Artean prozesu parte-hartzailea abiatuko du astelehenean Azpeitiko Udalak, iaz hasitako proiektuari jarraipena emanez. "Gardentasuna eta elkarlana" helburu hartuta abiatuko dute ekimena. Astelehenean, hilak 14, bertan hasiko dira auzoz auzoko bilerekin eta arlokakoak egingo dituzte, ondoren. Horiez gainera, udaletxean ate irekien eguna egingo dute eta bukatzeko, otsailaren 20an, herri kontseilua izango da udal aurrekontuak gai hartuta.

Udal aurrekontuen eztabaidak bi adar nagusitan banatuta bideratuko dituzte: batetik, udaletik bideratuko dena, hau da, udal batzordeetan alderdietako udal ordezkariek eta udal langileek egingo dituzten proposamenena. Bestetik, herritarrei zuzendutakoa. Hor herritarrek zuzenean parte hartzeko aukera izango dute: auzoka eta arloka antolatutako bileretan parte hartuz, herriko txoko desberdinetan ekarpenak egiteko buzoiak erabiliz eta Azpeitia.net webgunetik ekarpenak eginez.

Iazko prozesu parte hartzailea "oso positiboa" izan zela adierazi du Eneko Etxeberria alkateak: "Azpeitikoa inguruko lehenengo aurrekontu parte hartzaileen prozesua izan zen, eta harro egotekoa da. Herritarren parte hartzea handia izan zen, eta horrek sendotasuna eman zion prozesuari. Gainera, udal honen hormak gardenak izatea nahi dugu, eta horretarako, beharrezkoa da herritarrek gure kontu eta erabakien berri izatea". "Iazko aurrekontu parte hartzaileak oinarri hartu eta autokritika eginez, Udala herritarren beharrak entzun eta hutsuneak betetzen saiatuko dela zein 2013ko aurrekontuen irizpide nagusiak zeintzuk diren" azalduko dituztela gainera du Etxeberriak.

Bilera irekien egutegia

Auzokakoak

Urtarrilak 14, astelehena:

- Matxinbenta, 19:00etan, Matxinbentako Beheko tabernan.

- Landeta, 19:00etan, Baigera I-eko aretoan.

Urtarrilak 15, asteartea:

- Garmendi, Pablo VI.a, Artzubia eta Jose Artetxe kalea, 19:00etan, Betharramen.

- Nuarbe, 21:00etan, Nuarbeko elkartean.

Urtarrilak 16, asteazkena:

- Urrestilla, 19:00etan, Urrestillako erretiratuen elkartean.

Urtarrilak 22, asteartea:

- Soreasu, Juan XXIII.a eta Damaso Azkue auzunea, 19:00etan, Soreasun.

Urtarrilak 23, asteazkena:

- Alde Zaharra, 19:00etan, Baigera I-eko aretoan.

- Lasao, 19:00etan, Lasaoko lokalean.

Urtarrilak 24, osteguna:

- Aratz Erreka, 19:00etan, Aratz Errekako tabernan.

- Loiolabide, 19:00etan, Betharramen.

Urtarrilak 25, ostirala:

- Oñatz, 19:00etan, tabernan.

Urtarrilak 28, astelehena:

- Loiola, 19:00etan, bertako elkartean.

- Etxe Alai, Arana eta Santutxo, 19:00etan, Baigera I-eko aretoan.

Urtarrilak 29, asteartea:

- Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra, 19:00etan, Betharramen.

Arlokakoak

Urtarrilaren 30etik hasi eta otsailaren 8ra bitartean egingo dituzte. Auzokako bilerak bukatu ondoren, arlokako bilera irekiak deituko ditu Udalak, hil honen bukaeratik hasi eta otsailaren 8ra artean izango dira.