Gaur erabakiko dute danbor taldeetako zuzendariek 'Goizeko izarra' jo edo ez

Uztarria.eus 2013ko urt. 9a, 11:31

Danbor taldeetako zuzendariek gaur, asteazkena, dute lehen entsegua, eta helduen eta haurren danborradako taldeen entseguak datorren astean dira. Danborradako abesti guztiak entzungai daude hemen.

Aurtengo sansebastianetako egitaraua prest du Azpeitiko Udaleko Festetako Batzordeak. Helduen danborradako zuzendariek gaur dute lehen entsegua, 21:00etan, Herriko Musika Bandaren akademian (Baigera 1eko eraikineko azken solairuan). Bertan, besteak beste, San Sebastian bezperako helduen danborradan pieza berri bat estreinatuko duten erabakiko dute. Goizeko izarra da pieza, Txokolotarrek egindakoa eta Unai Frantzesenak danborradarako moldatu duena. 
 
Helduen danborradako talde eta elkarteetako ordezkariek hiru bilera egin dituzte danborradako nondik norakoak zehazteko. Azkenekoz joan den abenduaren 19an bildu ziren. Bertan, Goizeko izarra pieza danborradan jotzeko aukeraz hitz egin zuten, besteak beste. Mikel Ibarzabal Festetako batzorde buruaren esanetan, danborradako taldeetako ordezkarien bileran pieza berriren bat estreinatzeko aukeraz hitz egin da, "pieza berri bat gehitzeko aukera aipatu zen bilera batean, eta Goizeko izarra doinu polita eta herrikoa denez, Txokolotarrena, Unai Frantzesenak hura danborradarako moldatuko zuela hitza hartu eta hurrengo bilerarako prestatuta ekarri zuen. Jotzeko erraza egindu, eta ea zer dioten taldeetako zuzendariek lehen entseguan".
 
Danborradaren entsegu egunak datorren asteartea, asteazkena eta osteguna izango dira. Izarraitz pilotalekuan dira: haurrenak 16:00etan hasita eta helduenak 21:00etan. 

Azkenean, Hazparnekoak ez 

Hilaren 19an, San Sebastian bezperan, helduen danborradak iazko ordutegia eta ibilbidea izango ditu. Iaz bezalaxe 26 taldek irtengo dute. Hazparneko talde bat ere irtetekoa zen, baina atzera egin du. "Hazparneko talde batek danborradan irteteko asmoa azaldu zuen aurrena, baina hemengo danborradaren bideoa ikusi ostean atzera egin dute, maila altua dagoela-eta. Hala ere, handik 40 laguneko talde bat etorriko da
danborrada ikustera", azaldu du Ibarzabalek.
 
San Sebastian egunez haurren danborrada izango da. Urtero bezala egingo da, baina aurten karroza Goreti eta Leire Iriarte Nazabalek egindakoa izango da. Joan Antxieta irudigilea gai hartuta egingo dute, haren heriotzaren 425. urteurrena gogora ekartzeko. Karrozan eta gastadoreen taldean, berriz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko ikasleak joango dira.
 
San Sebastian egunean, bandera jaisteko danborradan, helduen danborradako sei taldek hartuko dute parte. Baina, horiez gain, igandea denez nahi duten talde guztiei irteteko aukera eskaini zaie, eta Alkartasunakoak irtetea erabaki dute.
 
Aurten, festak asteburuan egokitzen direnez, jaiak egun bat luzatuko dira; hau da, urtarrilaren 21a, astelehena, jai eguna izango da Azpeitian. Egun horretan, eguerdian haurrentzako sokamutur txikia eta poniak izango dira plazan eta arratsaldean, berriz, sokamuturra eta haurrentzako parkea.