Alex Silvarentzat da Komunitatean abenduan ekarpenak egiteagatik Uztarriak emandako saria

Uztarria.eus 2013ko urt. 2a, 18:59

Joan den hilean webgunearen Komunitatean ekarpenak egin dituzten norbanako kideen artean Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria zozkatu dira.

Uztarria.com-en Komunitatea atalean abenduan zehar ekarpenak egitearen truke Uztarria Komunikazio Taldeak emandako saria Alex Silvak jasoko du. Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria dira azpeitiar kazetariak gozatu ahal izango dituenak.

Komunitatean taldeek zein norbanakoek dute kide izateko eta, horrela, Uztarria.com-en beren ekarpenak egiteko aukera. Une honetan Uztarriaren webguneko Komunitateak 179 kide ditu. Saria zozketatzearen ekimena, berriz, kide norbanakoen parte-hartzea sustatzearen helburuarekin jarri zuen abian Uztarriak. Horretarako, abenduan zehar artikulu, iruzkin, argazki edota bideo gisa ekarpenen bat egin duten kide norbanakoak hartu ditu kontuan zozketarako; bestelako albisteetan-eta erantzun gisa egindako ekarpenak ez dira kontuan hartu, kasu honetan.

Datorren otsailaren 4an urtebete beteko du Komunitateak, Uztarria.com berritzearekin batera jaio baitzen azpeitiarren parte-hartzerako tresna berria.