Gabonetako Iraurgi Cupen 35 taldek hartuko dute parte

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 19a, 17:05

Ekainean jokatu zen Iraurgi Cup-eko une bat. (Urola Kostako Hitza)

Azpeitiko eta Zestoako futbol zelaietan jokatuko dute bigarren urteko alebinentzako txapelketa, hilaren 29an eta 30ean.

Urtero bezala, Iraurgi Cup kirol klubak Gabonetako Iraurgi Cup futbol 8ko txapelketa antolatu du, bigarren urteko alebin mailako taldeen artean. Abenduaren 29an eta 30ean jokatuko dute proba, Azpeitiko Garmendipeko bi futbol zelaietan eta Zestoakoan. 35 taldek hartuko dute parte, bost taldeko zazpi multzotan banatuta.

Txapelketan parte hartuko duten talde gehienak gipuzkoarrak (20) dira, baina Bizkaitik, Arabatik, Nafarroatik eta Iparraldetik etorritakoak ere izango dira. Horiez gainera, Espainiako parte-hartzaileak ere izango dira, Kantabriatik bi talde etorriko baitira, Errioxatik hiru eta Gaztela-Leondik bat. Gipuzkoako taldeetatik ia erdiak Urola Kosta eskualdekoak dira: Azpeitikoak Lagun Onak A, Lagun Onak B, Lagun Onak C eta Ikasberri, Azkoitiko Anaitasuna, Zestoa eta Getaria. Horiez gainera, Reala, Antiguoko, Bergara, Ordizia, Real Union, Aloña Mendi, Sanse, Amaikak Bat, Elgoibar, Arrasate, Mutriku, Urola eta Touring etorriko dira futbol torneoa jokatzera. Athetic Bilbao eta Alaves taldeak ere ariko dira.

650 partaide

Guztira 102 futbol partida jokatuko dira, eta orohar txapelketan zuzenean 650 lagunek hartuko dute parte. Hilaren 29an 08:30ean hasiko da txapelketa, parte hartuko duten taldeei harrera eginez. Lehen faseko partidak, berriz, 09:30ean hasiko dira Azpeitiko eta Zestoako futbol zelaietan. Egun horretan, taldeek Kiruri jatetxean bazkaldu, eta 15:30etik aurrera lehen faseko partidekin jarraituko dute. Hilaren 30ean, berriz, 10:00etan hasiko dira Azpeitian eta Zestoan, finaleko faseko futbol partidak. 15:30etik aurrera, berriz, final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuko dituzte. Gabonetako Iraurgi Cup futbol txapelketako finala, berriz, 17:00etan hasita jokatuko da, Garmendipeko futbol zelai nagusian, eta segidan garaikurrak banatuko dituzte. Partida guztien egitarau osoa www.iraurgicup.com webgunean ikusi daiteke.

Iraurgi Cup kirol klubaren helburuak oinarrizko futbola sustatuz, txapelketetan herriko eta inguruetako taldeen parte-hartzea bilatzea da, eta era berean ekainean antolatzen duten torneora izen handiko taldeak erakartzea da, hala Azpeitia eta bailara ezagutaraziz.  Horrez gain, bizi-jarrera eta balore positiboak transmititzea ere badute xede.

Txapelketa antolatzeko laguntza eta babesa ematen dieten eragile, erakunde eta boluntario guztiei esker ona ere azaldu die Iraurgi Cup klubeko presidente Meliton Rodriguezek.