Olentzero subil

Mirari Bereziartua (Azpeitiko Ikastola Ikasberriko kidea) 2012ko abe. 20a, 09:37

Herri gehienek izaten dituzte urte bukaerako festak ospatzeko usadio eta sinbolo propioak. Euskaldunok, mendez mende, Olentzero subil izan dugu. Dena den, azken mendeetan kristautasunaren eraginez pertsonaiak sortzen hasi zirenean, suaren tradizioa ikazkinaren pertsonai bihurtu genuen, beste kulturetako Papa Noel, Santa Claus, hiru Erregeak eta San Nikolasen ondoan. Neguko festa giroan, familiakoekin oroitzea, urte berria iragartzea, zoriontasuna elkarri opatzeko, urteko akatsak sutan errez, garbitu eta aukera berriei bide ematearen sinbolo dugu.

Euskaldunon Gabon inguruko pertsonaia dugu, Olentzero. Subil tradiziotik sortutakoa. Nor da Olentzero hau? Nola irudikatu du herriak? Zer ohitura dago bere inguruan? Amaitzear dagoen urte zaharraren festaren adierazpena da Olentzero. Oles (kantua) egiteko aroa (garaia).

Aintzinako uraren ospakizuna ere mantetzen da oraindik hainbat herritan. Urte zahar egunean, nagusiki, gazteek mantetzen dutena.

Olentzerok, jatorriz, suarekin du erlazio zuzena. Sua eta erretzearen ingurutik etorri dira zenbait interpretazio eta ohitura, adibidez: ikazkin moduan errepresentatzen hastea, tximiniatik behera jaistea edo pipa erretzen agertzea. Hiru kasuak sua adierazteko sinboloak dira.

Zenbait herri euskaldunek pertsonaia gisa errepresentatzen dute sasoi hau, eta pertsonaia honek Gabon gauean egiten du bere etorrera: Olentzero da.

Euskal historialariek jaso duten ohitura zaharrena subilarena da. Enborrarena, alegia. Gabon gauean Euskal Herriko etxe askotan, enbor handi bat jartzen da sutan, Olentzero subila hain zuzen ere, hori izanik erretzen dena. Sua da zaharra berritzen duena. Okerra garbitzen duena. Sua da indar eta aukera berrien adierazle.

Subil horrek indar berezia du: abereak (ondasun adierazle bezala) eta etxekoak zainduko ditu hurrengo urte guztian.

San Juan sua, kalekoa den bezala, neguko hau etxeko sua da. Horrela diote gure zaharrek: "gabonetan plantxan, sanjuanetan plazan".

Era horretan, zenbait herritan oraindik mantetzen da familiako persona bakoitzeko egur bat erretzeko ohitura, zaharrenetik hasi eta gazteenarekin amaituz. Beti ere, une horretan etxean ez dagoena gogoratuz txanda denean bere izenean zotza sutara botaz.

Kristau pentsamoldeak Kristoren iragarle bihurtu zuen pertsonaia, hasiera batean herrian zeukan esanahia gaindituz eta kristau erara egokituz.

Hirurogeigarren hamarkadatik aurrera, euskal umeei opariak ekartzera etortzen den pertsonaia dugu Olentzero. Horregatik, oso garrantzitsua da umeentzako magia eta tradizioa ondo lotzea kontsumismoa ekidinez.

Erantzukizun gutxi eta tradizioaren ezagutza eskasa adierazten digu beltzez jantzia, mozkorra, zikina eta tripontzia azaltzen dugunean. Ikazkina irudikatu zen suarekin duen loturagatik. Ikazkinak ere festa egunetan garbi eta ala janzten ziren. Hala, Papa Noel eta Erregeekin bakarrik ilusiona daitezke haurrak?

Ikastolen elkarteak lan bikaina egin du azken bi hamarkadetan hainbat ikastoletako eskariak jasoz gai jonen inguruan, Santrustegirekin batera, historia errekuperatuz eta irudia gaurkotuz. Lehenaren errespetuz orainera egokitu du pertsonaiaren irudia.

Geure sinbolo bihurtu zaigu Olentzero eta geure gau egungo gizartera egokitu dugu, herri guztiek egiten duten bezala, tradizioa mantenduz itxura egokituz eta egungo ohituretara duintasunez moldatuz.