Bete du azken plaza

Uztarria.eus 2012ko abe. 17a, 21:30
Bertsolariak hilkutxaren bueltan, txistulariek jotako 'Agur jaunak' entzuten, elizkizun amaitu ondoren.

Soreasuko San Sebastianen parrokia leporaino bete da Joxe Agirreren azken agurrean. Bertsolaritzaren eta kulturaren munduko hainbat eta hainbat aurpegik bat egin dute ehundaka herritarrekin, Orandaren hileta elizkizunean.

"Makina bat plaza bete zituen. Gaur ere bete du plaza". Hitz horiekin hasi du Iñaki Beristain frantziskotar errezildarrak Joxe Agirre Oranda bertsolariaren hileta elizkizuna. Mukuru beteta zegoen, izan ere, Soreasuko San Sebastianen parrokia arratsaldeko zazpietarako, meza hasi den ordurako.

Bertsolaritzaren eta kulturaren munduko hainbat eta hainbat aurpegik bat egin dute ehundaka herritarrekin, Orandaren hileta elizkizunean; aurrez, atzotik hasita, beilatokian ere  bisita ugari jaso ditu haren familiak. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Xebastian Lizaso,  Imanol Lazkano, Jose Luis Gorrotxategi, Laxaro Azkune, Mikel Mendizabal, Sustrai Colina, Xabier Euzkitze, Amets Arzallus, Xabier Amuriza, Jexux Mari Irazu, Haritz Etxeberria Ministro, Leire Ostolaza, Aitor Mendiluze, Jon Lopategi, Angel Larrañaga, Txomin Garmendia, Jon Azpillaga, Millan Telleria, Jokin Sorozabal, Joxe Mari Iriondo, Inaxio Perurena, Beñat Gaztelumendi... Zerrenda luzea osatu dute, ezbairik gabe.

Bertsolariek sartu dute hilkutxa elizan eta bertsolariek atera dute gero. Imanol Lazkano, Jon Maia, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe eta Jokin Uranga izan dira hileta aurretik kutxa lagundu dutenak. Irteerakoan, berriz, Igor Elortza, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze, Angel Larrañaga, Joxe Izagirre Attola eta Sustrai Colina. Meza amaituta, eliza atarian, txistu doinuekin aurreskua dantzatuz eta Agur jaunak abestuz agurtu dute Joxe Agirre.

Aurrez, meza amaieran, bertsotan agurtu dute, nola ez, Oranda handia. Xebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Xabier Euzkitze eta Amets Arzallusek bertso bana eskaini diote.

2004an izendatu zuen Uztarria Azpeitiko Kultur Koordinakundeak elkarteko ohorezko bazkide.

Uztarriak Joxe Agirreri 2004an egindako elkarrizketa, 75 urte bete zituenean: "Gazteekin gustura jarduten dut bertsotan, ikaragarri jatorrak dira".