Nire pena poz handi bat ere bada

Jokin Uranga ('Berria') 2012ko abe. 16a, 09:30

(Joxe Agirre bertsolari zendu berriaz artikulua plazaratu du Jokin Urangak 'Berria'-n)

Bagenekin ez zebilela oso ondo, baina horrelako berriekin sustoa hartzen duzu. Oso harreman ona genuen berarekin. Bere etxera bazkaritara joaten ginen, eta oraintxe ginen joatekoak... Inoiz entzun nahi ez duzun gauza bat entzundakoan sentitzen duzun pena hori daukat. Baina sustoa hartu eta gero, pena horren ondoren, konturatzen zara pena hori poz handi bat ere badela. Azkenean, adineko gizon bat zen, gauza pila bat egin zituena. Hortaz, bera ezagutu eta berarekin hainbat momentu konpartitu izanaren pozarekin geratuko naiz.

Gazte-gazte nintzela ezagutu nuen. 13 bat urte edukiko nituen. Ez dut gogoratzen noiz kantatu nuen harekin aurrenekoz, baina harrezkero egin izan ditugu bertso saio eta bertso bazkari batzuk batera. Gainera, edonora joateko ere, kotxean elkarrekin joaten ginen. Bilbora, Itziarrera, Oñatira... Beti giro onean. Zenbat barre egiten genuen... Horrekin akordatzen naiz.

Erraz moldatzen baitzen mundu guztiarekin. Patuak edo zerbaitek elkartzen zaitu langintza batean, dela bertsotan, dela kazetaritzan, eta ikusten duzu harreman asko behartutakoak direla; derrigorrez egon behar duzula pertsona batekin, hainbat gauza batera egiten dituzulako. Joxerekin guztiz kontrakoa zen. Harremana naturala zen. Beti zegoen entzuteko prest, iritzia emateko pronto, eta nabaritzen zitzaion gazteekin gozatu egiten zuela. Azkar edo azkarregi zahartzen ari zenaren pena ikusten zitzaion. Gazteak ikusten gintuen miresmenez eta inbidia puntu batekin. Beti esaten zuen: "Zuek bai sasoia gauzak egiteko: zuek bai indarra! Zuen adina edukiko banu...". Adinean aurrera zihoan gizon bat zen, baina bizitzeko egundoko gogoa zuena.

Gustatzen zitzaion hitz egitea bertsoez, politikaz ere bai... Abaniko bat bezalakoa zen: gauza guztietara irekita zegoen. Beti galdetzen ea zer moduz zeunden, ea zer egiten ari zinen, ea zer moduz neskalagunarekin... Eta beti irribarrez. Halere, ez zuen bizimodu erraza eduki. 2000. urtean emaztea hil zitzaion eta egundoko kolpea hartu zuen. Baina beti jakin izan du pena horiek gordetzen eta jendearen aurrean irribarrez agertzen. Hurbilekoa zen eta giro ona eta umorea transmititzen zituen.

Bertsotan, berriz, oso-oso ona zen. Eskolarik gabekoa zela esaten zuen, hainbeste kontu ez zekizkiela... Baina bertsotan edozein tokitatik ateratzeko gai zen; edozein gairi erantzuteko gauza zen. Eta hain berea zuen teknikarekin, gainera. Bertsoa osatzen oso-oso ona izan da, eta jario natural izugarria zuen. Bere bertsoak entzuten dituzu eta asko perfekziotik gertu daude.

Librean aritzea maite zuen, eta ez da harritzekoa. Garai hartako bertsolariak horrela hazi ziren: tabernako bertso giroan. Aurrean ikusten zutenari kantatzen zioten. Giro horretan askoz ere erosoago sentitzen zen, baina bestela jarduteko ere ez zuen arazorik. Bertsolaritzarentzako ondare bat utzi du. Hori denok gogoratu eta aprobetxatuko dugu: bai bertsolari bezala, eta baita bertso eskoletako irakasle bezala ere. Eredu bat edukiko dugu.