Corrugadoseko lan erregulazio txostena baliorik gabe utzi du EAEko Justizia Auzitegiak

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko abe. 12a, 15:14
Legebiltzarraren atarian ari dira protestan hainbat enpresatako langileak.

Auzitegiak arrazoia eman die langileei, eta 60 behargin kaleratzeko txostena baliogabea dela adierazi du. "Aldeko epaia izan dugunez, berez kaleratutako 60 langile horiek berriz ere plantilan onartu egin beharko lituzkete", azaldu du enpresa batzordeko kide batek, epaia ezagutu eta berehala. "balorazio positiboa" egin dute LAB eta ELA sindikatuetako langileen ordezkariek eta prentsaurrekoa deitu dute ostiralerako, azalpen gehiago emateko.

Corrugados Azpeitia enpresatik kaleratu nahi dituzten 60 langileen inguruko epaia beharginen aldekoa izan da, lan erregulazio txostena baliorik gabe utzi du-eta EAEko Justizia Auzitegiak. Urriaren 16an izan zen epaiketa, eta ordutik epai zai egon dira.

Kaleratzeak barne hartzen zituen LET-a (Lana Erregultzako Txostena) indarrean sartu aurreko negoziazio aldian enpresak izandako jarrera dago epaiaren oinarrian. Izan ere, negoziazio epe horretan kaleratzeen kopurua aldaezinezko baldintza gisa aurkeztu zien zuzendaritzak langileen ordezkariei eta, epaiaren arabera, kontu hori LET-a negoziatzerakoan mahai gainean jarri beharreko "gutxieneko edukien" artean egon behar litzateke. Horrenbestez, Corrugados Azpeitia enpresaren ordezkariei "negoziatzeko betebeharra ez betetzea" egotzi diete epaileek.

Urriaren 16ean izan zen kaleratzeen inguruko epaiketa. Baina, lau ordu eta erdi beranduago hasi zen, epaitegian bertan negoziatzen jardun zutelako bi aldeen abokatuek. Baina, orduan akordiorik ez zen lortu eta epaiketa egin zen. Epaiketako saioan, Corrugadosen jabe den Gallardo Taldearen abokatuek Azpeitiko lantegian ezarri nahi dituzten murrizketa berriak -60 langile kaleratzea, urteko lanaldiari 49 ordu eranstea eta soldatak %35 jaistea- defendatu zituzten, enpresaren egoera ekonomikoaren gaineko datuekin. 60 lagunen kaleratzea auzibidean jarri duten LAb eta ELA sindikatuetako langileen ordezkarien abokatuek eta despidoak bertan behera uztea eskatu zuten, Lan Sailaren txosten batean oinarrituta.

Langileen ordezkarien "balorazio positiboa"

"Aldeko epaia izan dugunez, berez kaleratutako 60 langile horiek berriz ere plantilan onartu egin beharko lituzkete", azaldu du enpresa batzordeko kide batek eguerdian, epaia ezagutu eta berehala.

Arratsaldean, langileen ordezkariek eta Azpeitiko zuzendaritzakoek bilera egin dute. Ondoren, Enpresa Batzordeko LAB eta ELAko ordezkariek ohar labur bat plazaratu dute, epaiaren hasierako balorazioa eginez eta, era berean, ostiralean (abenduaren 14a) egingo duten prentsaurrekoa iragarriz; han egin asmo dute balorazio sakon eta zabalagoa.

Momentuan, epaiaren "balorazio positiboa" egin dute LAB eta ELAko langileen ordezkariek. Epaiak "bereziki azken sei hilabeteotan borrokan ari diren langileei arrazoia ematen diela uste dugu", esan dute. "Lan-harremanak negoziazioan oinarritu behar direla erakusten du, eta ez inposaketan", gaineratu dute

Corrugados Azpeitiako langileak kaleratzeen eta ezarri nahi dizkien murrizketen kontra greban ari dira ekainaren 15etik; larunbatean sei hilabete beteko dituzte.

Protesta eguna ere bai

Gaur goizean, Legebiltzarrean lehendakaria izendatzeko saioa egiten ari ziren bitartean, protestan ziren atarian hainbat enpresatako langileak. Tartean, Corrugados Azpeitiako beharginak. Murrizketen kontra elkarretaratzea egin dute Azpeitiko lantegikoek CAF, Cementos Lemona, Alestis, Celsa Atlantic eta Gasteizko udal langile batzuekin batera.

Emakume batek min hartu du petardo bat ondoan lehertu, eta ondorioz lurrera erori denean. Anbulantzia bat berataratu da, hura artatzeko.

Berria.info-k langileen adierazpenak -tartean Corrugadoseko ordezkarienak- eta protesten irudiak jaso ditu bideo honetan.