EAJk zapatuan eta igandean egingo du beharra dutenei laguntzeko diru-bilketa

Uztarria.eus 2012ko abe. 12a, 14:07
EAJko kideek Batzokian aurkeztu dute diru-bilketa kanpaina.

Jasotako dirua Azpeitiko Caritasi emango diote, "beharra duten familiei laguntzeko". Herriko bost txokotan jarriko dituzte dirua biltzeko mahaiak, abenduaren 15ean eta 16an, eta bi kontu korronte ere ireki dituzte bilketarako.

Laugarren urtez jarraian, Azpeitiko EAJk beharra dutenei laguntzeko diru-bilketa egingo du aurten ere. Zapatuan, hilak 15, eta igandean, abenduak 16, jarriko dituzte Caritasentzat dirua biltzeko mahaiak. Pello Elorza Azpeitiko EAJko kideak "guk baino gutxiago dutenekin akordatzeko" eskatu die herritarrei: "Jasotako diruarekin Gabonak hobeto pasatu ahalko ditu hainbat herritarrek, eta eskuzabaltasuna eskatzen dugu", gaineratu du. Hala, "beharra duten familiei laguntzeko erabiliko da dirua".

Herriko bost txokotan jarriko dituzte dirua-biltzeko mahaiak jeltzaleek, eta mahai horietara bertaratu ezin duten baina lagundu nahi duten herritarrentzat bi kontu korronte ere zabaldu dituzte. Bata Kutxan (2101 0029 20 001252794.1) eta Euskadiko Kutxa edo Laboralean bestea (3035 0020 54 0200068477).

Egunotan Gabon hauetan gutxiago gastatzen baduzu, diru horrekin azpeitiar gehiago izango dira turroia jango dutenak leloarekin eskuorriak bidaliko dituzte etxe guztietara, kanpainaren berri eman eta jendea parte hartzera animatzeko. Abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, emango diote bildutako dirua Azpeitiko Caritasi.

Hona hemen diru-bilketarako jarriko dituzten mahaien egunak, kokapena eta ordutegia:

Abenduak 15, zapatua:

  • Plazan, udaletxe azpian, 12:30etik 13:30era.
  • Jose Artetxe kalean, Pastorkua eta Juantxo Txiki aldean, 13:00etatik 14:00etara.
  • Sanjuandegin, Baigera aurrean, 13:00etatik 14:00etara.

Abenduak 16, igandea:

  • Jose Artetxe kalean, Pastorkua eta Juantxo Txiki aldean, 13:00etatik 14:00etara.
  • Sanjuandegin, Baigera aurrean, 13:00etatik 14:00etara.
  • Urrestillan, eliz atarian edo zumetariopean, 12:30etik 13:30era.
  • Loiolan, esplanadan, 12:00etatik 14:00etara.