Asko zor dizu Azpeitiko herriak, Maria Jesus

Eneko Etxeberria (Azpeitiko alkatea) 2012ko abe. 12a, 13:59

Orain hilabete eskas jakin genuen Azpeitiko Udalean Maria Jesus Garmendia larri gaixo zegoela. Guztioi sansebastianetako omenalditxoa etorri zitzaigun burura. Maria Jesusek herriaren aldeko lanetan urte luzez jardun zuenaren aitorpen oso xumea egin zitzaionekoa. Astelehenean hil zen Maria Jesus.

Urte luzez zinegotzia izan genuen Udalean, eta idatzi umil honen bidez, Udalaren aitormena luzatu nahi genioke. Inoiz ez da erraza izan gure herrian politikan lan egitea, lan asko eta esker gutxi diote; baina gure Azpeitia hobeagoa egiteko politikan jardun dutenek ere bere aitortza merezi dute. Maria Jesus bere borondate eta nahi hoberenarekin izan zen zinegotzia, eta bere bezalakoei esker Azpeitia hobetu egin da, herritar berriak etorri dira, beste batzuek joan, parkeak eraiki, errepideak hobetu, kaleak konpondu, arazoak konpondu, harremanak arautu, festak antolatu, etxeak egin, bidegorriak eraiki, kulturalki erreferentzia bilakatu…

Bakoitzak ahal duen neurrian ekarpenak eginez gure herria egiten ari gara, eta bide horretan, Maria Jesus bezalako pertsonak oso eredu garrantzitsuak dira. Bera bezala herri hau bizi dutenak eta herrian bizi direnak Azpeitiko bizkarrezurra eta bihotza dira. Eta, guri hori aitortzea dagokigu, Maria Jesus memorian izatea dagokigu neurri handian gure herriaren memoria, oraina eta iragana, baita. Eta noski ereduari jarraikiz etorkizuna; ezinbestekoa baita etorkizun hobeagorentzat, nondik gatozen eta zer garen kontuan izatea.

Asko zor dizu Azpeitiko herriak, Maria Jesus. Eskerrik asko egin duzun guztiagatik.