Sahararen aldeko ekimenak izango dira egunotan

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 12a, 11:57

Khamar taldeak, ostiralerako afari musikatua antolatu du, III. Kulturaldiaren baitan. Gainera, astean zehar ikastetxeetan argazki erakusketak eta janaria biltzeko guneak jarriko dituzte.

Khamar taldeak Azpeitian Sahararen Aldeko Astea antolatu du, "Saharar herriari elkartasuna adierazteko". Herenegun hasi eta asteburura bitartean izango dira ekitaldiak. Urtero bezala, besteak beste, Tinduffeko errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko janaria bilduko dute.
 
Astean zehar herriko ikastetxeetan argazki erakusketak eta janaria biltzeko guneak jarriko dituzte. Horrez gain, Sanagustin kulturgunean Khamar elkarteak dituen proiektuei buruzko informazio panelak egongo dira erakusgai. 
 
Ostiralerako, berriz, Kultur Mahaiarekin elkarlanean eta III. Kulturaldiaren baitan, saharar
afari musikatua antolatu dute, Sanagustin kulturgunean. 21:00etan izango da afaria eta
22:00etan Najat eta bere taldearen kantaldia. 10 euro kostatuko da afarirako txartela.
 
Larunbatean, berriz, BM eta Eroski saltokietan janaria biltzeko guneak jarriko dituzte,
10:00etatik 20:00etara bitartean. Arratsaldean, berriz, haurrentzako antzerkia izango da Txiki Biran ekimenarekin bat eginda. 17:00etan hasiko da antzerki emanaldia, Txiki Txoko ludotekan.
Ikuskizuna 4 urtetik 12 urtera artekoentzako dela azaldu dute antolatzaileek.