"Positiboa" izan da aurtengo 'Bost geldialdi historian' ekimena

Uztarria.eus 2012ko abe. 11a, 14:38
'Bost geldialdi historian' ekimeneko ordezkariak, Trenaren Museoan.

 Azkoititik Zumaiara bitartean bost gune bistatu ahal izan dira. Tartean, eta berrikuntza gisa, gastronomia sartu dute, eta "bonoa erosi dutenen artean faktore motibagarria bilakatu" dela adierazi dute Iraurgi Lantzeneko ordezkariek. Oro har, iaz baino denbora tarte txikiagoan, igo egin da bonoen salmenta.

Uztailean hasi eta irail erdira bitartean, Bost geldialdi historian ekimenaz gozatzeko parada izan da eskualdean, eta esperientzia "positiboa" izan dela adierazi du Iraurgi Lantzenek. Azkoititik Zumaiara bitartean bost gune bistatu ahal izan dira: batetetik, Loiolako santutegia, Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa, Zestoan Ekainberri eta Zumaian Algorri interpretazio zentroa eta ai Azkoitia Batzokia (Azkoitia), Oñatz (Azpeitia), Fati (Zestoa) eta Kresala (Zumaia), bestetik. Azken hori izan da berrikuntza nagusia aurtengoan. Eskaintzaren barruan tabernak eta, beraz, gastronomia sartzea "gantxoa" izan dela, eta "museoak bisitatu dituen jendea herri barrura erakarri dutela" uste dute antolatzaileek: "Osagai gastronomikoa faktore motibagarria bilakatu da bonoa erosterakoan, arrakastatsua izan da".

Guztira, 645 bono saldu dituzte, eta iaz, epe berdinean (uztaila eta iraila artean), 295 saldu ziren. Iraurgi Lantzeneko ordezkarien aburuz, "zenbait oztopo tarteko, Aste Santu eta udaberri garaia galdu genituen, eta hala eta guztiz, salmentak %48 igo dira.

Bonoa erosi duten bisitari gehien joan den gunea Trenaren Museoa izan da, 510 bisitarekin. Gero, Ekainberri, 456 bisitarekin. Loiolako Santutegia, 315 bisitarirekin, eta laugarren bisitatuena Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroa izan da, 198 bisitarekin. Bonoa erositako ia bisitari guztiak izan dira ekimenaren barruan zeuden tabernetan ere. Iraurgi Lantzenekoek esan dutenez, "bonoen salmentak eta bisitak goraka doaz urtez urte, eta hori bere horretan datu positiboa da. Horren lehen ondorio zuzena da, eskualdeko fluxu turistikoaren areagotzea".

Datorren urtera begira hasi dira dagoeneko eta, momentuz, aurtengo jardueraren gaineko azterketa egin eta hobetzeko dituzten alderdiak aztertuko dituzte. Hala, "2013an produktu osatuagoa eta hobeagoa eskaintzeko, eskualdeko sektore turistikoaren hobe beharrez".