Musika tresna baten harira

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 7a, 18:38
Tuba jaialdiaren aurkezpena, Sanagustinen; ezkerretik lehena, Donostiako Kontserbatorioko tuba irakasle Juan Carlos Ribelles, eta hirugarrena, Azpeitiko Metal Boskoteko lehendakari Agustin Jimenez. (ONINTZA LETE ARRIETA)

Hirugarren urtez egingo dute Tuba Jaialdia herrian. Gaur, ostirala, master class saioa eta brassband kontzertua izango dituzte; bihar, zapatua, Tuba Eguna ospatuko dute.

Johannes Brahmsen Dantza hungariarra pieza bost tuba-jotzailek zuzenean jota. Modu horretan aurkeztu zuten Azpeitiko Metal Boskoteak eta Azpeitiko Udalak antolatutako III. Tuba Jaialdia; nolabait ere, musika instrumentu hori hobeto ezagutzeko, begietatik eta bi belarrietara. Tubak ez du arrakasta handirik musika eskoletan, ezta musika bandetan ere, eta egitasmoa horretara datorrela nabarmendu du Azpeitiko Metal Boskoteko lehendakari eta jaialdiko antolatzaile Agustin Jimenezek. Tuba indartze aldera, beraz, egitarau berezia antolatu dute gaurko nahiz biharko.

Aurreko bi urteetan ekainean antolatu badute ere, aurten urte bukaerara atzeratu behar izan dute. Jaialdia antolatzeko hainbat zailtasun izan dituzte; batetik, data egoki bat aurkitzeko gorabeherak izan dituztelako, eta bestetik, berriz, halako egitasmoak antolatzeko bideratzen diren laguntzak eskastu egin direlako. Zailtasunak zailtasun, jaialdia aurrera eramateko abagunea lortu dute, eta, hori horrela, bi egun hauetarako hainbat jarduera prestatu dituzte.

Master class-a lehen aldiz

Gaur arratsaldean ekingo diote aurtengo Tuba Jaialdiari. Lehen saioa barrura begirakoa izango da; hau da, tuba-jotzaileentzat eta, oro har, edozein musikarirentzat. Izan ere, doako master class bat eskainiko dute lehen aldiz, eta irakasle lanetan, besteak beste, Donostiako kontserbatorioko tuba irakasle Juan Carlos Ribelles, Albaceteko Musika Kontserbatorioko Manolo Frances eta Euskadiko Orkestrako bakarlari Oscar Abella ibiliko dira. Ondoren, lehen jardunaldia biribiltzeko, brassband kontzertua eskainiko dute, 20:00­etan, Sanagustin kulturgunean.

Bihar, berriz, Tuba Eguna ospatuko dute goizetik hasi eta gauera arte. Ekitaldi gehienak Soreasu antzokian egingo dituzte, eta egunari berari ere bertan emango diote hasiera; beroketa ariketa bereziekin hasiko dira, 09:30ean, eta, ondoren, ordubete geroago, instrumentuen erakusketa egingo dute eta nahi duenak probatzeko aukera ere izango du. Jarraian, 11:00ak aldera, tuba kalera aterako dute. Soreasutik Sanagustinera kalejira egin ondoren, hamaiketako gozo batekin berrituko dituzte indarrak.

Bazkalaurretik eta bazkalostean entsegua egingo dute, Soreasun eskainiko duten kontzertua prestatzeko. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta Beethoven edo Brahms musikarien obra klasikoez gain, pieza berriagoak ere joko dituzte; lan guztiak, gainera, Juan Carlos Ribellesek tubarako moldatuta daude. Jimenezek jaialdian parte hartuko duten musikariak eskertu ditu. Izan ere, 40-50 musikarik eskainiko dute kontzertua. Era berean, herritarrak animatu ditu egingo dituzten jardueretan parte hartzera.