Urtea korrika bukatzeko gonbita, hamabigarrenez

Uztarria.eus 2012ko abe. 6a, 19:33
Ezkerretik hasita, Agustin Jimenez (Xeye), Manuel Unanue (Kirol batzordeburua) eta Nerea Uranga ('Hitza')

Azpeitiko San Silbestre lasterketan parte hartzera deitu dute antolatzaileek -Xeye Atletismo Taldea eta Urola Kostako Hitza- eta Udalak. Internet bidez ez ezik, dagoeneko probarako izena eman daiteke gainerako ohiko lekuetan. Kirolprobak.com-en egiten dutenek eta udaberrian Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian parte hartzeko asmoa badute, bi lasterketetarako izen-emate bateratua egin dezakete, merkeago. Aurten, gainera, langabetuei zuzendutako inskripzio berezia ireki dute, igerilekuan, 6 euroren truke.

Kirola eta festa giroa eskutik ibiliko dira aurten ere Azpeitian urtarrilaren 31ko goiz-eguerdi partean. Hamabigarren urtez jarraian Xeye Atletismo Taldeak, Urola Kostako Hitza egunkariarekin elkarlanean eta Udalaren babesarekin, Azpeitiko San Silbestre lasterketa antolatu dute. Proba herrikoia, "urtea kirola eginez eta umore onean bukatzeko", Xeyeko Agustin Jimenezek asteazken iluntzean udaletxean egindako aurkezpenean nabarmendu bezala. Iaz ekindako bidetik, aurten ere ibilbideak 7,3 kilometro izango ditu; ahalik eta jende gehienak parte hartzeko helburua errazteko, hain zuzen.

12:00etan hasiko da, plazan, aipatutako lasterketa nagusia, kadete mailatik gorako guztientzat. Urte Zahar eguneko atletismo festari, ordea, 10:30ean ekingo diote, eskolarteko aurreneko lasterketarekin; guztira, bost izango dira. Umeak kirola egitera bultzatzearen garrantzia azpimarratu zuen Jimenezek, "kirola osasuna da eta", eta txikienak ere parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek.

Guztien neurrirako izen-ematea

Internet bidez ez ezik, dagoeneko probarako izena eman daiteke gainerako ohiko lekuetan: Azpeitiko Aitzaki Kirolak eta Azkoitiko Plaza Berri Sport kirol dendetan, eta Urola Kostako Hitza-ren egoitzetan, Azpeitian eta Zarautzen (azken hauetan, abenduaren 21a arte bakarrik). Egunean bertan ezingo da lasterketarako apuntatu.

Internet bidez, Kirolprobak.com-en izen ematen dutenek eta udaberrian Azkoitia-Azpeitia Maratoi Erdian parte hartzeko asmoa badute, bi lasterketetarako izen-emate bateratua egin dezakete, merkeago: txip horia dutenek 25 euroren truke, eta 30 eurotan txipa ez dutenek. San Silbestrea bakarrik egiteko, izen-ematea 12 eurokoa da txipa ez dutenentzat, eta 10 eurokoa txipa dutenentzat. 

Izen-ematearekin lotuta badu berrikuntza aipagarria 2012ko San Silbestreak. Izan ere, langabetuei zuzendutako inskripzio berezia ireki dute. Horrela, langabezian daudenek 6 euro ordainduko dute eta, horretarako, udal igerilekura jo beharko dute.

Eskolarteko lasterketetan parte hartzeko ez da ezer ordaindu beharko eta izena egunean bertan eman beharko da, 09:30etik aurrera, plazan jarriko diren mahaietan.

Hitza-ri laguntza

Azpeitiko San Silbestrean aterako den dirua Urola Kostako Hitzaegunkaria laguntzera bideratuko dute aurten ere. Atzoko aurkezpenean, Nerea Uranga kazetariak bertaratu ezin izan zuen Leire Ventas zuzendariaren izenean hartu zuen hitza: "Urtero bezala, Xeye Azpeitiko eta Azkoitiko Atletismo Taldea eskertu nahi du Urola Kostako Hitza-k, San Silbestre lasterketa antolatzeagatik, eta irabaziak Hitza laguntzera bideratzeagatik. Eragileak Urola Kostako Hitza-ren zutarrietako bat dira, eta komunitatea sortzeko jardunean lankide. Herritarrak, berriz, lasterketan parte hartzera animatu nahi ditugu, herri hedabideen eta euskararen normalizazioaren alde korrika egin dezaten".

Ordutegia eta zerbitzuak

Lasterketak

  • 10:30. Benjamin neskak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.
  • 10:40. Benjamin mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.
  • 10:50. Alebin neskak: 1.300 metro, bi itzuli.
  • 11:00. Alebin mutilak: 1.300 metro, bi itzuli.
  • 11:10. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli.
  • 12:00. Lasterketa nagusia. Kadeteek eta jubenilek 3.700 metro, zirkuitu handiari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 7.300 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda

Aldagelak eta dutxak

Aldagelak eta dutxak, aurreko urteetan bezalaxe, Izarraitz pilotalekuan egongo dira. Plazatik (irteeratik eta helmugatik) bertan.

Ludoteka zerbitzua

Iaz bezalaxe, aurten ere ludoteka zerbitzua jarriko da lasterketa nagusia ari den bitartean. Azpeitiko Udalak bultzatuta antolatuko da zerbitzu hau. 4 eta 9 urte bitarteko haurrentzako zabalik egongo da, 11:15etatik 13:15era, plaza ondoan dagoen Iturritxiki ludotekan. Zerbitzua doan da. Izena emateko telefono zenbakia 943 150095 edo kirolak@azpeitia.net.

Sariak eta zozketak

Urtero bezalaxe, lasterketaren bukaeran parte-hartzaile guztien artean opariak zozkatuko dira eta parte-hartzaile guztiei oroigarri moduan probako elastikoa banatuko zaie. Zozkatuko direnak dira: urdaiazpikoak, ardo botilak, Juantxo Txiki eta ISB tabernetan bokatak... Horrez gain, lasterketako Azpeitiko aurrenekoei eta Azkoitiko aurrenekoi Azpeitiko Mikel Uria jatetxean eta Azkoitiko Joseba jatetxean bi lagunentzako afaria emango zaie sari bezala.