"Serioak izanagatik, zuzenekoetan askoz ere kamikazeagoak gara"

Urola Kostako Hitza 2012ko abe. 6a, 17:45
Bizardunak taldekoak Sanagustinen izango dira zapatuan. (BIZARDUNAK)

Bizardunak talde nafarrak Ur ederra kirats infinituan izeneko disko berria aurkeztuko du larunbat honetan, Sanagustin kulturgunean, Zuloak taldearekin batera emango duen kontzertuan. Urola Kostako Hitza-k Jose Mari Carlos elkarrizketatu du, taldeko abeslaria.

Bizardunetako bat da, baina ez du ahoan bilorik. Jose Mari Carlos (Iruñea, 1976) talde nafarreko abeslaria da, eta itzulingurukarik gabe hitz egiten du argitaratu berri duten Ur ederra kirats infinituan diskoari buruz. Etzi Sanagustin kulturgunean ariko dira zuzenean, 23:00etatik aurrera; gainera, Zuloak hirukotearekin partekatuko dute taula gaina.

Ur eder hori zuek al zarete?

Tira, txantxa bat dirudien arren, hala da. Ez genuke esango Bizardunak denik ur ederra, baizik eta gure pentsatzeko era. Gaur egungo mundua metafora gisa adierazi nahi izan genuen, eta izenburu hori jarri diogu disko berria.

Eta kirats infinitua?

Gizartea bera, orokorrean: antzinako gizartea, gaur egungo gizartea eta etorkizuneko gizartea.

Disko honetan serio jarri zarete. Aurreko diskoetan, agian, jendeak parrandazale gisara hartu zintuzten eta irudi horretatik aldentzeko?

Hori ez da diskoengatik izan, kontzertuengatik baizik. Aurreko diskoa honako hau baino serioagoa zela esango nuke, bai musika aldetik bai letren aldetik. Oraingo honetan, musika-estiloan egin dugu apusturik handiena; izan ere, beti egin dugun rock-and-rolla egun egiten ari ginen folkarekin uztartu dugu. Edonola ere, beti saiatzen gara gauzak ahalik eta ondoen egiten.

Baina beti ez zarete horren serioak...

Baliteke gero pixka bat inkoherenteak izatea; batik bat, oholtza gainean gaudenean. Talde serioa gara, eta sortze prozesuan abestirik onenak egiten saiatzen gara, baina taula gainera igotzen garenean ez dugu irudi hori ematen. Zuzenekoetan askoz ere kamikazeagoak gara. Horiek dira taldearen bi aurpegiak.

Disko honetan rockera gerturatu zarete. Aldaketa naturala izan al da ala kontzertuetan erakusten duzuen energiarekin bat egiteko modua?

Orain arte, hiru disko egin ditugu eta hiruak guztiz ezberdinak dira. Lehenengoarekin Rebel music egin genuen; bigarrenean, berriz, bertsiorik ez egitea erabaki genuen, eta edozein abesti mota jotzea; eta hirugarren honetan, musika tresna elektrikoak jotzea erabaki dugu. Nahastu ditzagun gitarra elektrikoak ba­­da egun egiten dugunarekin, eta ikus dezagun zer demonio ateratzen den! Beti erronka berri bati heltzen diogu, taldea aspertu ez dadin.

Nahasketa horrek espero zenuten fruitua eman al du?

Oso gustura gaude, bai. Lehen aldiz erabat kontent gaude azken emaitzarekin. Musikalki, gainera, gero eta hobeak gara, eta hori antzeman egiten da sortu ditugun abesti berrietan. Letrei dagokienez,  inoiz baino gutxigo landu ditugu, baina musika alorrean ordu asko sartu ditugu lokalean. Horretaz gain, AEBetako Luther Russell musika ekoizlea ekarri genuen, gure musika diskoan behar bezala islatzeko. Soinu aldetik asko landu dugu; esfortzu handia egin dugu, benetan.

Nolatan jarri zineten berekin harremanetan?

Iñigo Cabezafuego taldekideak musika jaialdi bat antolatzen du Atarrabian, hango Udalarekin elkarlanean, eta urtero halako musikariak ekartzen ditu. Cabezafuegok hartu-eman ona izan zuen Russellekin, eta musikaria baino gehiago ekoizle lanetan aritzen zela azaldu zion honek. Gu ekoizle baten bila genbiltzan, AEBeko rock-and-roll doinua gure musikan islatzeko, eta Russelli berari proposatu genion. Maketa eskatu zigun, bidali genion, asko gustatu zitzaion eta hona etorri zen. Taldekideok txundituta geratu ginen. Oso pertsona bitxia da, eta gu baino puristagoa. Estudioko ordenagailu guztiak kendu zituen, eta 70eko hamarkadan bezala, guztiok batera jarri gintuen jotzen grabatzerakoan.

Estudioko esentzia hori bere horretan mantenduko al duzue zuzeneko emanaldietan?

Denetarik nahastuko dugu. Izan ere, emanaldietan gure hiru diskoetako abestiak jotzen ditugu; lehengo batzuk musika tresna berrietara moldatu ditugu, eta beste batzuk, bere horretan errespetatu ditugu. Oraingoz, kontzertu bakarra eskaini dugu formatu honetan, eta jendea gustura geratu zen. Alde horretatik, lasai gaude.

Lasai ez ezik, taula gainera igotzeko gogoz egongo zarete, ezta?

Abesti berriak zuzenean jotzeak ilusio handia sorrarazten digu. Disko baten aurkezpen biran,  jada 30 kontzertu ematen dituzunean, aspertzen hasten gara. Ez dakit gainerako taldeei gauza bera gertatzen ote zaien, baina guri, behintzat, bai. Guretzat musika jotzea zaletasuna da, eta ongi pasatu nahi dugunez, abesti zaharrez aspertu egiten gara. Horregatik egin ditugu gure hiru diskoak oso epe laburrean.

Eta jarraitzaileak ere segituan aspertzen al dira zuen abestiez?

Euskal Herrian entzuleak ez dira inoiz aspertzen. Badira duela 20 urteko abestiak jotzen jarraitzen duten taldeak, eta aretoak betetzen jarraitzen dute. Arazoa ez da hori. Jendea ez da erraz aspertzen; musikaria, aldiz, beste kontu bat da.