Hainbat ekimen izango da gabonetan herrian

Uztarria.eus 2012ko abe. 6a, 11:56
Merkatariak, Iñaki Portilla zinegotzia eta Iñigo Amiano Bertan Merkatari Elkarteko teknikaria aurkezpenean.

Bertan Merkatari Elkarteak eta Azpeitiko Udalak elkarlanean antolatu dituzte ekimenak. Besteak beste, erakusleiho lehiaketa egingo dute hainbat urte egin gabe egon ostean.

Bertan Merkatari Elkartean eta Azpeitiko Udalak elkarlanean hainbat ekimen antolatu dute gabonetarako. Besteak beste, erakusleiho lehiaketa egingo dute hainbat urte egin gabe egon ostean. Lehiaketan parte hartzeko izena eman behar da, eta abenduaren 15a izango da inskribatzeko azken eguna. Izena Bertanera (943 02 56 73) edo Udalera (943 15 70 68) deituta eman behar da.

Hiru azpeitiar adituk osatuko dute epaimahaia, eta irizpide artistikoak izango dituzte kontuan. Behin lehiaketa bukatutakoan, hiru sari banatuko dituzte: 600 eurokoa, 400 eurokoa eta 200 eurokoa.

Bestalde, Bertan Merkatari Elkarteak 2.000 euro banatuko ditu, zortzi baletan. Abenduaren 22an, abenduaren 29an eta urtarrilaren 5ean egingo dituzte zozketak, elkarteko dendetan erosten duten bezeroen artean.

Haurrentzako parkea

Urteroko legez, gabonetako parkeaz gozatu ahal izango dute haur eta gaztetxoek oporretan. Abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an, 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egongo da zabalik. Izarraitz pilotalekuan hainbat puzgarri eta barraka izango da, eta 16:00etatik 20:00etara egongo da irekita. Sarrera 2 euro ordaindu beharko da.

Saskibaloiko txapelketa

Abenduaren 29an, zapatua, 3x3 txapelketa jokatuko dute Azpeitiko institutuan. Txapelketa 09:00etan hasiko da eta bi maila izango dira: benjaminak eta alebinak. Neska zein mutilek hartu ahal izango dute parte txapelketan, eta guztira zortzi sari banatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Herriko artisten lanak

Azkenik, Azpeitiko Kultur Mahaiak herriko zenbait artisten artelanekin Dendarte kaleko erakusketa antolatu du gabonetarako. Bertan Merkatari Elkarteko 20 dendatako erakusleihoan jarriko dituzte artelanak ikusgai, urtarrilaren 7a bitartean.