Uztarriaren Komunitatean ekarpenak egiteak saria izango du abenduan

Uztarria.eus 2012ko abe. 6a, 12:42

Komunitateko norbanakoei zuzenduta jarri du abian ekimena Uztarria Komunikazio Taldeak: hil honetan zehar ekarpenak egiten dituzten kideen artean Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria zozkatuko dira. Animatu eta parte hartu!

2013ko otsailaren 4an jarri zen martxan Uztarria.com berritua. Webgune berriarekin batera, otsailean urtebete egingo du atariaren berrikuntza nabarmenetako bat izan zen Komunitatea atalak.

Aurkezpenean esan bezala, "azpeitiarren parte-hartzeari indar berria emateko asmoarekin" jarri zuen abian Uztarriak atal berria eta, urtebete eskas igaro ondoren, helburu hori betetzen ari dela esan daiteke: 50 kiderekin sortu zen Komunitateak 170 ditu dagoeneko. Kide kopuruaz gain, ordea, kide aktiboen kopurua ere sustatu nahi du Uztarria Komunikazio Taldeak.

Komunitateko kide batzuk oso aktiboak izan dira azken hilabeteetan; hasieran 'lotsati' samar ibilitako askok martxa polita hartu dute denborarekin, eta ekarpen aberasgarri asko izan ditu webguneak Komunitateari esker. Hala ere, nabarmena da etekin handiena talde eta elkarteek atera diotela parte-hartze tresnari; norbanakoei, salbuespenak salbuespen, gehiago ari zaie kostatzen iritzi edota informazioak partekatzea.

Hain zuzen ere, Komunitateko norbanakoei zuzenduta ekimen berezia jarri du abian Uztarria Komunikazio Taldeak abendurako: hil honetan zehar ekarpenak egiten dituzten kide norbanakoen artean Aisia hotel-katearen establezimendu batean bi lagunentzako talasoterapia zirkuitua eta afaria zozkatuko dira. urte berriaren hasierarekin. Ekarpenaren nondik norakoa kideen esku izango da, noski.

Animatu eta parte hartu!