30 gidaritik gora ariko dira igandeko Slalom-ean

Uztarria.eus 2012ko aza. 30a, 17:49
Iazko lasterketako parte-hartzaileetako bat.

Landetako industriagunean osatutako zirkuitoan jokatuko dute proba, 11:00etatik aurrera. Denboraldiko azken auto-lasterketa izango da eta txapelketa erabakitzeko balioko du.

Igandean, abenduaren 2an, izango da Lagun-Artea Eskuderiak antolatutako Azpeitiko VI. Slalom-a. Landetako industriagunean osatutako zirkuitoan jokatuko dute proba, 11:00etatik aurrera. Ordu horretan hasiko da entrenamenduko manga, eta ondoren etorriko dira bi saio ofizialak; aurretik, 09:30ean, autoen eta agirien azterketarako epea irekiko dute.

Euskal Herri mailako auto-lasterketen denboraldiko azkena izango da igandekoa eta aurtengo slalom-eko txapelketa erabakitzeko balioko du, gainera. Azken proba horretako sailkapenen zain, Oscar Revilla liderrak hiru puntuko aldea besterik ez dio kentzen sailkapenko bigarrena den Asier Rigadari.

Bi gidari horiek dira Azpeitiko Slalom-a irabazteko faborito nagusiak, hain zuzen. Guztira, 33 gidarik eman dute izena lasterketarako. Tartean herriko ordezkariak ere izango dira, hala nola Gurutz Agirretxe, Felix Astorkia eta Iñaki Alberdi.

www.fotomotor.es webgunean lasterketaren zuzeneko jarraipena egingo dute.