Ima Eizmendi: "Irratiaren osasuna ona da, eta etorkizun ona ikusten diot"

Uztarria.eus 2012ko aza. 30a, 12:29
Euskadi Irratiak 30. urteurrenerako egindako logoa.

Duela 30 urte, azaroaren 23an, egin zuen lehenengo emisioa Euskadi Irratiak. Hasiera haren lekuko izan zen Ima Eizmendi (Errezil, 1961) Azpeitiko bizilaguna, eta hiru hamarkada eta gero  bertan jarraitzen du lanean, irratiko administrazioan. 

Duela 30 urte, azaroaren 23an, egin zuen lehenengo emisioa Euskadi Irratiak. Hasiera haren lekuko izan zen Ima Eizmendi (Errezil, 1961) Azpeitiko bizilaguna, eta hiru hamarkada eta gero  bertan jarraitzen du lanean, irratiko administrazioan. "Hasieran hogei lagun ginen lanean, eta egun hasierako hogeietatik zortzik jarraitzen dugu bertan", dio Eizmendik. Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du duela 30 urteko eta oraingo kontuez.

30 urte bete ditu duela egun batzuk Euskadi Irratiak. Ospakizunetan hartu al duzu parte?

Bai, hartu dut parte. Antolaketan ibili naiz eta ospakizunean, San telmo Museoan egin zen ekitaldi nagusian, ere izan nintzen joan den ostiralean.

Nolatan hasi zinen Euskadi Irratian lanean? 

Egunkarian irakurritako deialdi batera aurkeztu, frogak gainditu eta ondoren hasi nintzen irratian lanean. Administraria naiz, eta nire egitekoa urte hauetan aldatuz joan den arren, egun, gehienbat, plangintzari lotua dago. Programazioa osatzeko lantaldeen beharrak aurreikusi eta antolatzea, alegia.

Nola gogoratzen dituzu hastapenak?

Hasiera berezia izan zen, proiektu berri baterako ilusio handiarekin geunden-eta.

30 urte hauetan jende ugari pasatuko zen irratitik. Batzuk bertan gelditu dira, besteek utzi egin dute… baina irratiak aurrera jarraitu du.

Bai, hori toki guztietan gertatzen da. Taldea handitu da, eta lankide gehiago gara orain. Hala ere, batzuk Euskadi Irratia laga eta beste bide bat hartu dute edo laneko urteak bukatu zaizkie.

Urte hauetan asko aldatu al da lan egiteko modua eta, oro har, irratia bera? 

Urte hauetako aldaketa handia izan da. Aurrerapen handiak egin dira 30 urte hauetan, bai gure lanari dagokionez eta baita teknologia aldetik ere. Eskuzko idazmakinatik ordenagailu aurreratuetara pasatu gara esaterako, eta bidean egokitzen joan gara.

Hasiera Donostian, Andia kaleko zazpigarren solairuan izan zen. Orain, berriz, Miramonen gaude telebista eta irratiko langileak denak batera, eta beste lan-talde handi bat Bilboko egoitzan dago.

Gutxi gorabehera, 100.000 entzule ditu Euskadi Irratiak, eta euskaraz 24 orduan entzun daiteke. Bada zerbait, ezta?

Bai,  bada zerbait. Finean, gure lana da pertsona horiengana iristea eta entzule horiek gurekin bat egitea. Gainera, entzuleak gero eta gehiago dira, eta hori pozgarria da.

Aldiro zuzendaritza aldaketak izaten dira Euskadi Irratian. Asko nabaritzen al dira aldaketa horiek?

Aldaketak ez dira beti lau urtetitik behin gertatzen. Gerta daitezke eta gertatu izan dira, baina kasu askotan aldaketa baino jarraipena izan da. 

Nola ikusten duzu Euskadi Irratiaren etorkizuna?

Nire ustez, irratiaren osasuna ona da, eta etorkizun ona ikusten diot. Guk horrela izan dadin lanean jarraituko dugu.