Mus txapelketarekin hasiko dira gaur Landetan Eloi Deunaren festak

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 28a, 11:19
Landetako festetako herri kirol jaialdia igande eguerdian izango da aizkolariekin eta harri-jasotzaileekin. (Nerea Uranga)

Festen baitan antolatu duten herri kirol jaialdiak ikusmina sortuko duela diote antolatzaileek.

Gaur hasiko dira Landetako Eloi Deunaren jaietako ekitaldiak. 20:30etik aurrera IV. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko da Mendizabal jatetxean. "Tokiak hala agindu eta bestela luze jotzen
duelako parte-hartzaile kopurua mugatua izango du mus txapelketak", azaldu du Martin Mendizabal jatetxearen jabeak.
 
Mendizabalek, festen baitan, igande eguerdirako antolatu duten herri kiroletako erakustaldian harri jasotzen ere jardungo du. Aizkoran ere jardundakoa da landetarra, "nik dena probatu
dut, baina...", dio. Harri jasotzen Mendizabalekin batera aritzen diren Xabier Aranburu eta Joseba Perrax ere ariko dira Landetan. Horiez gain, Aimar Irigoien errezildarra ere harri jasotzaileen artean izango da.
 
Herri kiroletako erakustaldiari "indarra" eman nahi izan diote aurten Landetako festen antolatzaileek, "aizkolarien artean, Jon Irazu ariko da. Honek, urtarrilaren 27an apustua jokatuko du Zalduarekin, Tolosan. Beraz, jendearen artean ikusmina sortuko du".

Bizikleta irteera larunbatean

Zapaturako mendi bizikleta irteera ere antolatu dute Eloi Deunaren festetan. BTT irteeran
parte hartu nahi dutenek 09:30erako Landetako Erreka Bike dendaren aurrera azaldu behar dute. Ibilbidea ordu eta erdi ingurukoa da eta antolatzaileen arabera, "edozeinek egiteko modukoa". Bizikleta bueltaren ondoren dutxa hartu eta bizikleta garbitzeko aukera egongo da kiroldegian.

Egiraraua

Azaroak 28, asteazkena: 

20:30ean, Eloi Deunaren IV. Mus Txapelketa Azkarra. Mendizabal tabernan izango da, eta partaidetza kopurua mugatua da.

Abenduak 1, zapatua:

09:30ean, Mendi bizikleta irteera, Erreka Bike dendaren aurretik hasita. Ondoren, hamaiketakoa.

14:00etan, Landetarren auzo-bazkaria Lau Bide jatetxean. Xebastian Lizaso, Jokin Uranga eta
Haritz Etxeberria bertsolariek eta Felix eta Eider trikitilariek alaituta.

Abenduak 2, igandea:

11:00etan, Esklabetan meza, auzoko hildakoen alde.

12:00etan, herri kirolak izango dira. Mikel Larrañaga, Iñigo Aiztitxo, Jon Irazu eta Joseba Otaegi ariko dira aizkoran eta Xabier Aranburu, Joseba Perrax, Martin Mendizabal eta Aimar Irigoien harri jasotzen.

13:00etan, haurrentzako zezen txikiak eta jolasak izango dira, Eneko eta Imanol soinu-jotzaileen laguntzarekin.

14:30ean, erretiratuen bazkaria izango da, Arriota elkartean, eta Beñat Lizaso
eta Iosu Oiarzabal bertsolariak eta Hitzeder eta Joseba trikitilariak izango dira bertan.