Panta Rhei-k jasoko du Antzerki Topaketen Ikusleen Saria

Uztarria.eus 2012ko aza. 22a, 19:44

Talde horren Auzokideak lanak batu du puntu gehien aurtengo edizioan. Azaroaren 11n aurkeztu zuten ikuskizuna Soreasun, haur zein helduei zuzendutako emanaldian. 600 euroko diru-saria jasoko dute trukean.

Hogeita bi antzezlani -eskola antzerkikoak zenbatuta- tartea egin ondoren, joan den igandean, azaroak 18, bukatu ziren 2012ko Euskal Antzerki Topaketak. Eta gaur, osteguna, Azpeitiko euskarazko antzerki jaialdiaren XXX. edizioaren Ikusleen Saria zeinentzat izango den jakinarazi du Udalak.

Panta Rhei taldearen Auzokideak lanak batu du puntu gehien aurtengo edizioan. Azaroaren 11n aurkeztu zuten ikuskizuna Soreasun, haur zein helduei zuzendutako emanaldian. 600 euroko diru-saria jasoko dute trukean. Panta Rheikoek.

Ikusleen Sariaren berri ematearekin bat, amaitu berri den edizioaren barolazioa ere egin dute Udalean. "Aurtengo edizio honetan jende ugari hurbildu da Soreasu Antzokira, erantzun ona jaso dugu, beraz, eta hori benetan eskertzekoa da", adierazi du Kultura Sailak.

Artedramaren Publikoari gorroto eta Glu-gluren Su txikian izan dira 2012ko Antzerki Topaketen barruan estreinatu diren bi obrak. Eta, azken hori izan da ikusle gehien izan duena; bi emanaldi egin zituzten egun berean, azaroaren 6an, Soreasun, eta aurrez aurre-estreinaldia ere bai, udaletxean: "550 ikusletik gora izan ditu antzokian eta udaletxeko ganbaran egin zen aurre-estrenoan".

Aurten, antzerki emanaldietan gozokiak jatea debekatu dute; kartelak atera zituzten, espreski, horren berri emateko. Erabaki hori dela eta, "jendearen erantzuna" eskertu du Udalak: "Batik bat ezin dugu ahaztu haur eta gaztetxoen portaera antzokian. Aurten eta lehenbiziko aldiz eskatu zaie antzerki saioan goxokirik ez jateko, eta izugarrizko erantzun ona jaso da".