Santa Zezilia egunaren harira, hainbat ekimen izango da igandera bitartean

Uztarria.eus 2012ko aza. 20a, 13:40
Ezkerretik eskubira, Mikel Ibarzabal zinegotzia, Unai Frantzesena bandako zuzendaria, Mari Jose Bikendi musika eskolako zuzendaria eta Aizpea Ibarbia Julian Barrenetxea abesbatzako kidea.

Bihar, asteazkena, hasi eta igandera bitartean hainbat musika emanaldiz gozatzeko parada izango da herrian. Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta Musika Eskolak eskainiko dituzte kontzertuak.

Azpeitiko Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta Musika Eskolak elkarlanean, hainbat ekimen antolatu dute Santa Zezilia egunaren harira aste honetarako. Ostegunean, hilak 22, da Santa Zezilia Eguna, baina bihar, asteazkena, hasiko dira egun horren karietara antolatutako kontzertu eta ekimenak.

Gaur aurkeztu dituzte ekimenak hiru taldeetako ordezkariek eta Mikel Ibarzabal zinegotziak. Ibarzabalek jakinarazi duenez, "kontzertu bikainak antolatu dituzte, eta ia jendeak erantzun ona ematen duen".

Hala, bihar, Musika Eskolako ikasleen kontzertua izango da Sanagustin kulturgunean, 19:30ean hasita. Gainera, emanaldia bukatu aurretik, 2011-12 ikasturtean Oinarrizko Musika Ikasketak egin dituzten ikasleek diploma jasoko dute.

Santa Zezilia Egunean, ostegunean, Musikalean ekimenaren baitan, musika eskolako ikasleek kalejira egingo dute, 17:15ean hasita. Gero, kalejira bukatutakoan, txokolatada egingo dute musika eskolan bertan. Ostiralean ere musika eskolako ikasle txikienek audizioa eskainiko dute 18:00etan hasita, Betharrametan.

Bestalde, ostiralean, Goratzar Donostiako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak kontzertua eskainiko dute, 19:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean.

Igandean izango da Santa Zeziliari lotutako azken musika emanaldia Azpeitian. Udal Musika Bandak, Julian Barrenetxea abesbatzak eta Juan Antxieta musika eskolako irakasleek kontzertua eskainiko dute 13:00etatik aurrera, Soreasu antzokian. Unai Frantzesena Udal Musika Bandako zuzendariak jakinarazi duenez kontzertuak "bi zati izango ditu": "Lehenengo zatian bandak hainbat abesti joko ditu; bigarrenean, berriz, musika eskolako irakasleek eta KBeat (Julian Barrenetxea abesbatzako bederatzi gaztek osatutako taldea) hartuko dute parte. Felipe Murillo abeslariak ere abestuko du zenbait kantu".