Enrike Zurutuzaren biografia aurkeztu du Uztarriak

Uztarria.eus 2012ko aza. 17a, 14:53
Ezkerretik eskubira, Ainitze Agirrezabala Uztarriako kazetaria, Ihintza Agirretxe liburuxkaren egilea eta Kike Zurutuza, Enrikeren semea.

Enrike Zurutuza zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, zapatua. Sanagustin kulturgunean izan da aurkezpen ekitaldia eta jende ugari bildu da bertan. Enrikeren senitarteko eta lagunak ere han izan dira. Ihintza Agirretxek idatzi du liburuxka.

Enrike Zurutuza zenaren biografia aurkeztu du Uztarria Komunikazio Taldeak gaur, zapatua. Sanagustin kulturgunean izan da aurkezpen ekitaldia eta jende ugari bildu da bertan. Zurutuzaren senitarteko eta lagunak ere han izan dira.

Ihintza Agirretxek idatzi du biografia eta, berak azaldu duenez, "“ez da erraza halako pertsona bizia, orri zurietara ekartzea". Zurutuzak euskalgintzan zein albaitaritzan hainbat lan egin zituela gogorarazi du Agirretxek, eta "zortez Enrike ezagutzeko aukera izan" zuela ere adierazi du.

Aurkezpenean Kike Zurutuzak, Enrikeren semeak, ere hartu du hitza. Hark onartu duenez, "omenalditxoan parte hartzeari baietz" esan zion hasieran, baina "gero urduritzen hasi zen": "Hemen gustura bera egongo zen", esan du du. Familia aipatu du Kikek, eta aitaren hiru ezaugarri nagusienak zerrendatu ere bai: "gure aita hitzekoa, kristau baloreei errespetuduna eta itxura, forma eta besteak zer esango duten axola ez zitzaiona zen".

Bai Agirretxek eta bai Zurutuzak esker hitzak izan dituzte elkarrentzat, eta baita Uztarriarentzat ere, eta honakoa esanez bukatu du Kiken bere jarduna: "Gora atte. Gora attitte. Gora Enrike eta Gora Joxe Miel!"

Bederatzigarrena eta aurtengo bigarrena

Enrike Zurutuzari eskainitako liburuxka Uztarria Komunikazio Taldeak 2009an abian jarri zuen liburuxka biografikoen proiektuaren bederatzigarren alea da. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena. Uztarriak kaleratutako bosgarren liburuxka Amaia Garmendiarena izan zen eta Enkarna Arregirena, seigarrena. Zazpigarrena, Iñaki Bergara Pio-rena izan zen, eta joan den apirilean zortzigarrena, Bernardo Aizpitarte Kabra-rena, argitaratu zuen. Hau, Enrike Zurutuzarena, bildumako bederatzigarren liburuxka biografikoa da, eta datorren urtean ere liburuxkekin lanean jarraitzeko asmoa du Uztarria Komunikazio Taldeak.

Herriko kazetari gazteei idazteko aukera ematea eta hainbat azpeitiarren biografiak argitaratzea dira Uztarriak proiektu honetan uztartu nahi dituen helburuak.

Enrike Zurutuzari buruzko liburuxka herriko liburudendetan eta Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea) salgai izango da datorren astetik aurrera, 5 euroren truke.