Hondarretako magoa

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 15a, 17:56

Andoni Bastarrika azpeitiarrak eskulturak egiten ditu hondartzetan duela urte eta erditik, eta bide horretan sakontzen dihardu. Artelanak egiteko prozesuari sakontasun handia ematen dio, hausnarketen bidez. Uztarria herri aldizkariaren 2012ko maiatzeko zenbakian haren lanen argazkiekin erreportajea argitaratu zen.

Badator itsasoa gora Zumaiako Itzurun hondartzan. Ur biziak dira. San Telmo aldean, haitzen aldetik, biziago dator itsasoa. Estaltzen ari da hondartzetako haitzen multzoa. Harri handi horietako bati itsatsita dauka buztana anakonda batek. Urak muturra busti dio lehendabizi. Buztana geroago. Aurpegia urak jan dio azkar batean, eta buztana ere, berdin. Gorputza bakarrik geratu zaio. Haitzaren luzapena ematen du, buztandun haitza balitz bezala. Desegin egin da animalia.

Bi ordu eskaseko bizia izan du. Laburra. Baina astia eman dio itsaso zabala parez pare ikusteko, olatuen joan-etorrian dabilen itsasoa. Hiru pertsona ere jarri zaizkio parean, txakur eta guzti. Horiek ere ikusi ahal izan ditu. Eguerdia igaro berria da, eta ez dago anakondarik. Bi ordu eskas lehenago ere ez zegoen. Etorri egin da. Sortu, haitzaren azpitik. Ez du sortze berezkoa izan erabatean, Andoni Bastarrikak lagundu dio arnasa hartzeko bi orduko tartea izaten. Bizitza eman dio.

Animalia eta pertsona askori eman izan dio bizitza azpeitiarrak. Hondartzan gehienetan, edo ia beti. "Duela urtebete pasatxo hasi nintzen, alabekin nenbilela. Hondartzan jolasean genbiltzan, eta hondarrarekin irudiak egin nizkien". Harrezkero, "nahi gabe" sortu zitzaiona sormen iturri emankorra bilakatu zaio, eta hamaika animalia eta pertsona sortu ditu hondarrarekin bat eginda. Eskulturak egiten ditu, baina benetako bizidunak ematen dute, ume askok sarritan esan izan dioten bezala, beren berezkotasunean: "Benetakoa ematen du!".

Iazko udako egun hartan hasi zuen sorkuntzako bidean, geldialdi gehien Zumaian bertan egiten ditu, Itzurun hondartzan. Ezagunak dira bere lanak. Denetarik egin du, eta egiten jarraitzen du: Buda Txikia, sugeak, lehoiak, txakurrak, Gizon Jakintsua... Bat egin edo bestea egin, momentuan bertan zehazten du batzuetan: "Etxetik ekarri izan dut buruan zerbait, baina gero, lanean hasi ondoren, berak hartzen du bere forma, eta adibidez, izurdea izan behar zuena beste zerbait bilakatzen da".

"Ez dut perfekzioa bilatzen, perfekzionista naizen arren. Behin, egundoko lanak hartu eta gero, lan bat egin nuen, eta dena ondo egin nahian, erori egin zitzaidan. Haserretu egin nintzen momentuan, baina une hartan bertan, beste zerbait ikusi nuen egindako lanean, eta beste zerbait hori egiten hasi nintzen", azaldu du hondarraren adiskideak. Natura ere lagun mina du: "Erabat lotuta, bat eginda sentitzen naiz naturarekin lanean ari naizenean. Azken batean, bere mende nago: itsasgora eta itsasbehera, olatuen tamaina... Gertatu izan zait lan batekin hasi, itsasoak zerbait hautsi, eta itsasoak berak beste zerbaiten forma ematea lanari. Berezkotasuna da hori, eta sekulako garrantzia ematen diot horri".

Naturari esker sortzen ditu animaliak eta pertsonak, eta naturak berak desegiten dizkio: itsasoak desegiten ditu bere lanak. Ez du gogoko "desegin" aditza: "Eraldatu egiten ditu lanak. Oraintsu egin dugun anakonda urak eramango du, eta beste zerbaitetan bilakatuko da itsasoan. Berriz ere hondar ale izango da, eta itsasoaren ekarrialdiren batean, berriz itzuliko da, agian, eta beste zerbait egingo dut berarekin". Egin eta eraldatu. Gogoeta hau eragiten dio horrek: "Gizakioi asko kostatzen zaigu onartzea ez gaudela betiko. Materialistak gara, eta geure gorputza ere materia bezala ikusten dugu, ez gara ohartzen sortu eta beste zerbaitetan eraldatuko garela noizbait". Filosofiaren baitan sortzen ditu lanak, gero naturak bere bidean eraldatuko dituela jakitun.

Anakonda egiten ari zela, bizi aritu da lanean. Beti aritzen omen da horrela. Baina bizitasuna poliki bizi du bere baitan,lanean ari den bitartean. Egiten duen dena barru-barrutik bizi du. Anakondari bizia ematen ari zela esan du: "Egundoko gozamena da hondarrarekin harremanetan murgiltzea. Gozatu egiten dut, plazera da niretzat". Hasperen ere egin du hondarra eskuekin ferekatzean. Anakonda bizirik sentitzen du, bizia eman dio, eta eskultura egin baino gehiago,laztantzen ari da, eskuekin, gozo eta atsegin: "Hau magikoa da, magia!".

Lan egin eta gogoetak plazaratu, horrela bizitu du anakonda: burua, gorputza, aurpegia... Gozamen erabatekoan aritu da, lanabesak hartuta: kuboa, pala, lumak... Umeak hondarretan nola, hala ibili da: "Umeak horrela ibiltzen dira jolasean hondartzan, eta helduok ere umea daukagu barruan. Hala esaten da, denok dugula ume txikia barrenean. Hondarrarekin artelanak egitea ume hori askatzeko modua da niretzat, atxilo izaten dugulako heldu bihurtzen garenetik".

Bi alabekin hasi zen bide honetan, ia beti ditu bidelagun umeak. Uda garaia bada, hondartzan dabiltzan umeak askotan gerturatzen zaizkio, ikusminez eta jakinminez. Gozatu egiten du hondartzako magoak txikienak inguruan dituenean. Azalpenak ere ematen dizkie, sorkuntzaz duen ikuspegia helaraziz. Perfekzionismoaren gaia atera du berriz: "Behin, alboan ume bat jarri zitzaidan, palarekin eta kuboarekin, aita gertu zuela. Ari zen umea hondarrarekin gauzak egiten, eta aita niri begira. Aitak esan zion umeari zuk ere horrela egin behar duzu. Aitari esan nion uzteko umeari berean, oso ondo ari zela, nahi zuena ari zelako sortzen".

Lanbidea izan daiteke

Urtebete pasa honetan, ezagun egin dira bere lanak. Jende asko ezagutzeko aukera ere eman izan dio: "Hemen, Itzurunen, askotan ibiltzen naizenez, jendearekin harremana izateko aukera eduki dut". Uda garaian, are gehiago, hondartza lepo egoten delako. Baina ez du Zumaiako hondartza bere lantoki bakarra, "kuttuna dudan arren, Itzurunek beti ematen didalako zerbait". Zarauzko malekoian ere ezagun egin zen Euskal Jai egunean: "Lehoi bat egin nuen, handia, eta txapela jarri, diru pixka bat biltzeko".

Hori izan daiteke lan honi etekin ekonomikoa ateratzeko bide bat, "baina ez bakarra. Elgoibarko alkate izandako batek ikusi ninduen malekoian, eta haren bitartez, Elgoibarren jarduteko aukera izan nuen, sanbartolomeetan, plazan. Hondarra eraman zidaten, eta haur handi bat egin nuen. Horretarako kontratatu ninduten". Beste bide bat lanbide izateko. "Hirugarren bat ere bada: umeentzat-eta tailerrak antolatzea". Aukerak dira, baina ez du helburu lanbidearena: "Bizitzak berak eramango nau bere bideetatik barrena, eta lanbidearena gauzatzen bada, oso ondo".

"Gozokien dirua, zuretzat"

Beste norabide batera eramaten badu ere ondo. Egiten duenarekin gozatzen duena baita: "Naizena naiz, eta ezin dut gehiago izan", dauka idatzia Facebookeko bere horman. Hantxe dauzka bere lan guztiak, argazkiak ateratzen baitizkie. Benetan dira ikusgarriak. Ume hark esan zion bezala, "benetakoak ematen dute!".

Argazkiak atera bai, baina ez omen die asko begiratzen geroko lanak hobetzeko asmoz: "Ez naiz asko begiratu zalea. Buruan sortzen zait hurrengoak nolakoak izan behar duen. Nahiago dut horrela izatea. Lehoi bat egiten badut, hurrengoa egiterako buruan daukat nolakoa izan behar duen". Behin, bere lan batek liluratu zuen beste ume batek ere ez du ahaztuko begien aurrean ikusi zuena: "Hau esan zidan: 'Diru hau gozokietarako da, baina hartu zuretzat'". Hondarretako magoak magia egiten du.