Ihintza Agirretxe: "Zurutuzak lana zuen filosofia eta bizitzeko modua"

Uztarria.eus 2012ko aza. 15a, 11:06
Ihintza Agirretxek idatzi du Zurutuzaren biografia txikia.

Zapatuan aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Enrike Zurutuzaren inguruko liburuxka biografikoa, 12:00etan hasita, Sanagustin kulturgunean. Ihintza Agirretxe azpeitiar kazetariak idatzi du libuxka, eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du.

Etzi, zapatua, aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Enrike Zurutuzari buruzko liburuxka biografikoa. Ihintza Agirretxe azpeitiar kazetariak idatzi du liburua, eta aurkezpen ekitaldia 12:00etan izango da, Sanagustin Kulturgunean. Uztarria hasi da liburuak etxeetara banatzen, eta bazkideek aurki irakurri ahal izango dute biografia txikia. Uztarria.com-ek liburuaren egilearekin, Ihintza Agirretxerekin, hitz egin du.

Nola jaso zenuen Uztarriak egindako proposamena?

Oso gustura jaso nuen luzatutako gonbidapena, ohiko lanetik aparte aukera berri bat eskaini baitzidan. Gonbidapena Enrike bizi zela egin zidaten, baina ordurako apaltzen hasia zen bere argia. Beraz, denbora tarte batez albo batera utzita izan genuen proiektua.

Idazten duzun lehenengo liburua da. Zer moduzko esperientzia izan da?

Gure lanean elkarrizketa batetik haratago ez dugu pertsonetan sakontzeko aukera gehiegirik izaten, eta liburu honek Enrikeren inguruan eta baserri giroko bizimoduan sakontzeko parada eman dit. Azken finean ez da horrenbeste debora pasatu, baina bizi filosofian asko aldatu da gizartea, eta garai hartako bizi filosofiaren argazki ederra da Enrikerena. Esperientzia oso polita izan da. 

Nola egin diozu liburua idaztearen erronkari aurre?

Liburuarekin hasi aurretik hamaika istorio entzunak nituen bere inguruan, eta hasiera-hasieratik jakin nuen ba zela zer kontatua Enrikeren inguruan, eta orri zuriaren aurrean jartzerako orduan garrantzitsua da haritik tiratzekoa izatea.

Zorionez, Ernikek elkarrizketa ugari eman zituen bere bizitzan, eta, alde horretatik, Ernikeren ahotik (utzi dizkidaten elkarrizketetatik) bere bizitzaren datuak eta pasarteak behin eta berriro entzutea oso garrantzitsua izan da. Ernike ulertzeko eta gertuago sentzitzeko asko balio izan dit bere ahotsa entzuteak, berak gauzak kontatzeko zuen erromantizismo hori behin eta berriro aztertzea….

Aurretik ezagutzen al zenuen Zurutuza?

Bai, bizi zen artean bizpahiru aldiz-edo izan nintzen bere etxean, eskean. Badakit Uztarria aldizkarirako argazkiak-edo eskatzera joan nintzela, baina ez dut gogoan zer zen juxtu. Gogoan dut lehen aldiz liburutegira bere bila joan nintzenekoa; hitz gutxirekin, baina gozo esan zidan arratsean bere etxera joateko.

Han atera zizkidan argazkiak, eta behar nituen azalpen denak eta beste pasadizoren bat edo beste ere kontatu zidan. Ez baitzen isilik gelditzen zen horietakoa!

Horretaz aparte, Zurutuzaren inguruko kontu eta pasadizoak ere betidanik entzun izan ditut etxean, eta baita lanean ere. 

Nolakoa deskribatuko zenuke? 

Lana zuen filosofia eta bizitzeko modua. Bere albaitari lana bukatuta ere, bilatzen zuen zer egina, egunkarietarako artikuluak idatzi, 25 urtetik gora egin zituen irratsaio batean Joxemiel baserritarrarena egiten, hitzaldiak eman, ikerketak egin…. Denerako beta ematen zion gizonari. Hori, gertukoen esanetan desordenatua izanda! Ordenatua izan balitz… auskalo zer gehiago egingo zuen.  

Herritar askok irakurriko du liburua.

Bai, eta hasieratik arduratu nau irakurle horietako askok Enrike ezagutuko zutela jakiteak. Helburu gisa ezagutu zuten horiek, liburua irakurtzea bukatzean, Enrikeren esentzia aurkitzea nahi dut.