'Su txikian', publikoaren artean

Uztarria.eus 2012ko aza. 8a, 10:33

'Su txikian' antzezlanaren lehenengo emanaldia eskaini dute Azpeitian, eta ez edonola, gainera. Ohiko formatutik haratago, ganbarako bertsioa eskaini zuten herenegun, udaletxeko ganbaran. "Publikoaren artean antzeztu dugu aktoreok, eta antzokiko formatuan ez bezala, ez dago ez eszenografiarik eta proiekziorik, ezta arropa aldaketarik ere; maila berean gaude, publikoa obraren parte sentitu dadin", adierazi du Libe Aranburuk, antzezlanean parte hartu duen azpeitiar aktoreak. Halaxe eskaini zuten Loiolako elkarrizketa politikoei buruzko antzezlana, 65 lagun ingururen aurrean, Euskal Antzerki Topaketen baitan.

Saioa modu horretan eskaini duten lehen aldia izan da. Libe Aranburu azpeitiarrak aitortu du taldea "beldur" zela, ikusleek ondo ulertuko ez zutelakoan. "Informazio bera eskaintzen dugu antzokiko eta ganbarako formatuan, baina azken horretan ez genekien jendeak ongi jarraitzuko ote zuen antzezlana". Taldea, ordea, gustura dago "esperimentuarekin". "Ganbarara gerturatu zen jendeak esan digu ongi ulertu zuela saioa, eta askok esan digute izugarrizko gogoa dutela lana antzokiko formatuan ikusteko".

Galder Perezek zuzendu du antzezlana, eta berak idatzi du obra, Imanol Murua zarauztar kazetariaren 'Loiolako hegiak' (Elkar, 2010) eta Jesus Egiguren aizarnar politikariaren 'ETA. Las claves de paz' (Aguilar, 2011) liburuak oinarri hartuta. Bihar, ostirala, izango da estreinaldi nagusia, Soreasu antzokian. Bi emanaldi eskainiko dituzte, 20:00etan eta 22:30ean. "Herrian eta kanpoan interes handia sumatu dugu obrarekin, eta halako ikusminak estutasuna sortzen dit. Baina, egia esan, plazerra da guztiontzat". Estreinatzeko "desiratzen" dagoela dio azpeitiarrak, eta "harrera ona" izango duelakoan da: "guztiok uste dugu erantzun ona izango duena. Nik ere hala uste dut, baina orain ez nago besteak bezain ziur. Izatez ez naiz oso baikorra, baina jendeak ondo jasoko duelakoan nago". Izan ere, Aranbururen ustez, obra "nahiko neutrala" da, eta "ez du alde baterako jotzen".

Azpeitiar aktoreak rol bat baino gehiago ditu obra honetan. Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kidearena ez ezik, kazetari, alargun eta Osloko negoziaketetako bitartekari baten papera ere egiten du, besteak beste. Taldearekin lana egiten "oso gustura" sentitu dela adierazi du, "erronka" izan bada ere. "Zuzendariak dioen bezala, antzerki dokumentala da, eta asko dokumentatu behar izan dugu. Oso interesgarria izan da".

Biharko emanaldiaz gain, urtarrilaren 26ra arte astero taularatuko dute 'Su txikian'. Hala nola, Lasarten, Elgoibarren, Eibarren eta Beasainen izango dira datorren asteetan. Aranburuk Glu Glu konpainiarekin egiten duen seigarren lana da hau, eta ia obra guztiak Galder Perezen zuzendaritzapean egin ditu. Aranburuz gain, Martxelo Rubio (Josu Jon Imazen paperean), Joxemari Carrere (Jesus Egigurenenean), Ugaitz Alegria (Iñigo Urkullurenean), Mañu Elizondo (Rodolfo Aresenean) eta Gabriel Ocina (Arnaldo Otegirenean) aktoreek hartzen dute parte antzezlanean.