Dena prest XXX. Antzerki Topaketetarako

Uztarria.eus 2012ko urr. 31a, 14:07
Gaurko aurkezpenean izan diren kide guztiak, udaletxeko ganbaran, 'Su Txikian' antzezlana lehenengoz egingo duten tokian.

Aurtengo edizioan bi antzezlan estreinatuko dira: Publikoari gorroto eta Su Txikian. Antzerki amateurrak eta haur eta gaztetxoen lanek topaketetan lekua izango dute beste behin, eta III. Antzerkizale Saria ere Azpeitian banatuko dute aurten. Gaur, asteazkena, egin dute topaketen aurkezpena udaletxean.

Ostiralean, hilak 5, hasiko dira XXX. Antzerki Topaketak, Artedrama taldearen Publikoari Gorroto antzezlanarekin, eta azaroaren 2tik 18ra hainbat antzerki eta ekimenez gozatzeko parada izango da herrian. Gaur, asteazkena, aurkeztu dituzte topaketak, udaletxeko aretoan, eta han izan dira Eneko Etxeberria alkatea eta Imanol Amenabar Kultura batzordeburua, Maite Izagirre eta Borja Izagirre topaketak iragarriko dituzten kartelaren egileak, Galder Perez Su Txikian antzezlanaren egilea, Antonio Pinto Glu-Glu ekoiztetxeko arduraduna, Alaitz Olaizola Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerreko zuzendaria eta Itziar Elias Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko (EHAZE)kidea.

Eneko Etxeberriak adierazi duenez, "antzerki topaketek ibilbide luzea eta finkatua dute". Azpeitiak topaketak antolatzeko egindako apustua "sendoa" dela eta "aurrera begira ere antolatuko" dituztela gaineratu du: "topaketak kulturaren motorra dira-eta herrian". 

Mota guztietako antzerkiak izango dira ikusgai hiru asteburuotan: heldu eta umeei zuzendutakoak,  eta profesionalek zein amateurrek egindakoak. Imanol Amenabar Kultura batzordeburuak esan duenez, "herritarrei antzerkietara etortzeko eskatzen diogu, eta antzokia betetzea behar dugu, indarrarekin segitzeko".

Asteburu honetan hiru antzezlan izango dira Soreasu antzokian. Publikoari gorroto ostiralean (21:30), Goenkale teatroa zapatuan (21:30) eta Zapata gorriak igandean (18:00). Emanaldi oro Soreasu antzokian izango da, eta haur eta gaztetxoek 2 euro eta helduek 5 euro ordaindu beharko dute sarrera.

Bi estreinaldi

Aurtengo Antzerki Topaketetan bi estreinaldi izango dira: Publikoari Gorroto eta Su Txikian. Azken horren egileak, Galder Perezek, adierazi duenez "antzerki dokumentala" edo "kronika teatrala" da Su Txikian. Euskal Herriko gatazka politikoaren inguruko antzezlana da, eta Elgoibarko Txillarre baserrian Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Pello Rubioren konpainian izandako solasaldietatik Loiolako hiru aldeko elkarrizketetaraino, Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako hartu-emanetan barrena ibiliko dira aktoreak.

Su Txikian hiru aldiz egingo dute Azpeitian. Lehenengo aldiz, azaroaren 6an, asteartea, udaletxeko ganbaran egingo dute, "gertuko formatuan eta gonbidatutako prentsa eta kultur eragileentzat soilik" izango da. Gero, azaroaren 9an, ordea, bi emanaldi eskainiko dituzte Soreasu antzokian, 20:00etan eta 22:30ean. 

Libe Aranburu azpeitiar aktorea da antzezlaneko protagonistetako bat.

Antzerki amateurraren asteburua

Urteroko legez, aurten ere antzerki amateurrak izango du lekua Antzerki Topaketetan. Amenabarrek esan duenez, "garrantzi handia du antzerki amateurrak Azpeitian". Hori dela-eta, azaroaren 15ean, osteguna, Gaztetxean Ispilua antzezlana ikusi ahal izango da. Zapatuan, berriz, Azkoitiko Koldarrak antzerki taldeak Izan bedi emakumea taularatuko du, eta zapatuan, Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerraren txanda izango da Bai, nahi dut obrarekin.

Aurten bederatzi urte betetzen ditu Azpeitiko Emakumeen Antzerki Tailerrak, eta topaketetan laugarrenez hartuko dute parte. Maiatzean estreinatu zuten obra, eta azken aldiz egingo dute azaroaren 17an. Olaizola, tailerreko zuzendariak esan duenez, "hemen jaio eta hemen hilko da antzezlana". Era berean, gogora ekarri du, beraiekin antzerki tailerrean ibili zen Kontxi, eta "haren oroimenez" egingo dutela esan du. 

Haur eta gaztetxoak protagonista

Azaroaren 12an, 13an eta 14an eskola antzerkiaren tartea izango da. Egun horietan, 11:00etan eta 15:30ean hiru obra ikusteko parada izango da Soreasu antzokian. Azpeitia, Azkoitia eta Urola eskualdeko haur eta gaztetxoentzako izango dira emanaldiak, eta Azpeitiko hiru taldek ere plazaratuko dituzte euren lanak: Azpeitiko Gazteria Sailak antolatutako tailerreko bi taldek eta Azpeitiko Ikastola Ikasberriko gaztetxo talde batek, hain zuzen.

Antzerkizale Saria

Hilaren 10ean, zapatua, helduentzat Lingua Nabajorum antzerki emanaldia izango da. Aurretik, ordea, EHAZEk (Azpeitian du egoitza), III. Antzerkizale Saria banatuko du. Horren harira, gogoratu dute, Antzerkizale Eguna izango dela zapatu honetan Usurbilen, eta hara joateko deia egin dute.

EHAZEk izango du tartea topaketetan, eta mahai-ingurua antolatu dute hilaren 10erako. Nola erein euskal teatroa izango dute hizketarako gaia, eta Patxo Telleria, Esther Martinez eta Mikel Martinez izango dira mahaiaren bueltan, Sanagustin kulturgunean, 12:00etatik aurrera.

Kartel irabazlea

Aurtengo topaketak iragarriko dituen kartela Maite eta Borja Izagirre Rekejok egindakoa da. Biak izan dira aurkezpen ekitaldian, eta kartela egiterakoan "notizia eta kartela uztartzea zutela helburu" azaldu dute. Hala, papiroflexia eginda, "elementu gutxirekin zerbait egitea" lortu zutela adierazi dute. Lehiaketa irabazteagatik, 900 euroko diru-saria jaso dute Eneko Etxeberria alkatearen eskutik.