Haurrentzako gida didaktikoa atera du Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak

Uztarria.eus 2012ko urr. 29a, 18:53

Familiarekin edo eskolarekin museora joaten diren umeei orientazioa ematea da materialaren helburua, museoko edukiak erakutsiz eta burdinbidearen historiara gerturatuz. Bestetik, lurrunezko trena abenduaren 9a arte martxan izango da, neguko ordutegiarekin.

Burdinbidearen Euskal Museoaren (BEM) Fundazioak ekimen berria aurkeztu du. Haurrei zuzendutako gida didaktiko bat atera dute, familiarekin edo eskolarekin museora joaten diren umeei orientazioa emateko helburuarekin, bisitari gaztetxoenei museoko edukiak erakutsiz eta burdinbidearen historiara gerturatuz.

Enganchate al tren / Har ezazu trena izena eman diote euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu duten materialari. "Oso formatu erakargarri eta erraza du", fundazioaren arduradunen esanetan. Testu txikietan antolatu dute edukia; museoko bildumaren, burdinbidearen historiaren edo trenak gizartean duen garrantziaren gaineko informazioa da testuetan jaso dutena. Irudiek eta galdetegi batek osatuko dute materiala, gurasoek eta irakasleek informazio hori landu eta haurrei azaltzen laguntzeko.

Maitane Ostolaza museoko zuzendariak adierazi duenez, "gida aktiboa da, haurraren zuzeneko partaidetza eskatzen duena. Ikaskuntza sustatzen du eta, batez ere, trenari eta horri lotutako guztiari buruzko jakin-mina pizten dio haurrari". Ostolazaren ustez, material hori "museoaren eta fundazioaren apustu handia da, eta eskaini nahi ditugun eduki berrien esparruan kokatzen den berrikuntza da. Badakigu museoak gaitasun pedagogiko handia duela, eta esparru hori esploratu nahi dugu, informazioa zein esperientziak trukatu, eta trenari buruzko ezagutza dibertsioarekin konbinatzeko. Material honekin, haurrak paper erabat aktiboa du".

Gida didaktiko berria BEM Fundazioak haurrei zuzenduta garatu nahi duen proiektuaren lehen urratsa izango da. Izan ere, "etorkizun hurbilean", fundazioaren webgunea (www.bemfundazioa.org) ere baliatu nahi dute, plazaratu duten materialaren osagarri gisa. Hain zuzen ere, museora doazen umeek bisitaldiaren amaieran kontakizunak idaztea, argazkiak ateratzea edota marrazkiak egitea da asmoa, eta gero lan horiek webgunean jartzea. "Haurrek beren lanak eta iruzkinak kargatu ahal izango dituzte webgunean. Horrela informazio-jario etengabea sortuko da eta, horri esker, material didaktikoaren bigarren helburua beteko da: museoa osoko esperientzia gisa bizitzea, eta kultura-esparrutik kanpo ere zabaltzea", azaldu dute arduradunek.

Lurrun trena, abenduaren 9a arte

Neguko ordutegia indarrean dela bada ere, museoa eta Lasaoko geltokia lotzen dituen lurrunezko trenaren irteerek aurrera segituko dute datozen asteetan ere. Hain zuzen ere, abenduaren 9a arte lurrunezko trena martxan izango dela jakinarazi du BEM-ek. Ordura bitarteko zapatu, igande eta jaiegun guztietan, 12:30ean aterako dira trenak museotik Lasaorako bidean.