Alaitz Ruiz: "Argazkilaritza analogikoaren oinarria izatea garrantzitsua da"

Urola Kostako Hitza 2012ko urr. 25a, 12:52
Alaitz Ruizek bere autoerretatua aukeratu du elkarrizketarako.

Diseinu grafikoa ikasten ari zela harrapatu zuen argazkilaritzak, eta gero, ingurukoen zaletasunak bultzatuta, Azpeitiko Argazki Elkartean sartu zen. Besteen lanak ezagutuz eta behatuz asko ikas daitekeela uste du, eta berak iturri horretatik edaten du.

Diseinu grafiko ikasketak egiten ari zela, argazkigintzako ikasgaiari esker zaletu zen argazkilaritzara Alaitz Ruiz (Azpeitia, 1988). Besteek egiten dutenetik asko ikas daitekeela uste du. Horregatik, beste argazkilarien lanakikusteagustukodu. "Besteek zer egiten duten ikusi, ideiak hartu, eta neure erara jorratzen saiatzen naiz. Besteek zer egiten duten ikustea, ikasteko era bat da niretzako". Gaur egun, gainera, Internetak besteen lanak ezagutzeko aukera paregabea ematen duela uste du. Aurten bere buruari ateratako irudi bat ekarri du Hitza-ra.
 
Zergatik aukeratu duzu argazki hau?
 
Badauzkat gustuko beste argazki batzuk, urbanoak edota hiritarrak direnak. Baina argazki hau aukeratu dut, neure buruaren argazkiak oso gutxi ditudalako. Sekula ez zait gustatu neu argazkietan azaltzea, eta aurreneko irudia da neu azaltzea axola ez zaidana, eta gustukoa dudana. Akaso izango da, neu naizela ez duelako ematen. Neuk neure buruari atera nion lehenengo argazkia da. Flash-a ere aurrenekoz erabili nuen, eta gero Photoshoparekin ukitu batzuk eman nizkion. Gainera, argazki honi esker Photosopen hainbat gauza ikasi nuen. Niretzako irudi honek badu zerbait apartekoa: ni naiz, baina ez naiz ni. Azken batean neu azaltzen naizen gustuko argazki bat da.
 
Estudioko argazki bat da,ezta?
 
Bai, estudioko teknikak-eta ikasten ari naiz, eta flash-a erabilita emaitza kurioso bat atera zitzaidan.
 
Nondik nora hasi zinen argazkilaritzan?
 
Orain dela bost urte diseinu grafikoa ikasten hasi nintzen, eta han argazkilaritzako ikasgai bat geneukan. Gezurra ematen du, baina ikasgaian argazkilaritza analogikoa erakutsi ziguten. Orduan, orain galduta dagoen laborategiko magia horrek harrapatu egin ninduen. Gustua hartu nion, baina gero denbora batez utzita ere eduki nuen. Baina inguruan argazkilaritza gustatzen zitzaion jendea neukalako, berriro heldu nion argazkilaritzari. Rally-etara joaten hasi nintzen, han jendea ezagutu nuen, eta Azpeitiko Argazki Elkartean sartu nintzen. Elkarteko kidea izatea zaletasunarekin jarraitzeko modu bat da.
 
Inguruan jendea izateak argazkilaritzan aritzen laguntzen al du?
 
Bai, nire kasuan bai. Inguruan argazkilaritza gustatzen zaion jendea edukita, haiekin argazkiak ateratzera irtetzeko edota gelditzeko aukera daukazu. Azken batean inguru horrek zaletasun honekin jarraitzeko bultzada eman dit.
 
Nolako argazkiak ateratzea gustatzen zaizu?
 
Denetik ateratzea gustatzen zait. Oraindik ez naiz era bateko argazkiak ateratzera jarri.Baina, batik bat, gehien gustatzen zaidana denok ikusten ditugun gauzak era desberdin batean jasotzea da; xehetasunak jasotzea. Kalean denon bistara dauden gauzei argazkiak ateratzea eta beste era batera erakustea dut gustuko. Baina oraindik askotarikoak ateratzen ditut: zezenetakoak, mendiko lasterketetakoak, argazki rally-etako gaiak... Mendira ere asko joaten naiz, beti kamerarekin.
 
Argazkilaritza analogikoa inoiz probatu duzula esan duzu.
 
Bai, hala da. Orain, gainera, lomografia deitzen zaion mugimendu berri bat dago modan; hau da, lehengo plastikozko kamarekin argazkiak ateratzea, karreteetarako itzulera. Gustatzen zait hori ere, gustukoa dut esperimentatzea. Gainera, analogikoan oinarria edukitzea garrantzitsua da. Azpeitiko Argazki Elkarteko helduenek sarritan esaten digute gazteoi, analogikoaren oinarria izatea garrantzitsua dela digitalean aritzeko. Digitalarekin segituan 200 argazki ateratzen ditugu, bata bestearen atzetik. Baina argazkigintza analogikoan buruari buelta gehiago eman behar zaizkio argazkiak atera aurretik; gehiago pentsatu behar da zer argazki atera nahi den, ondo planifikatu behar da. Aurretik bestelako lan bat egin behar da. Landuagoa da, nire ustez.
 
Kamera hartu eta zerbait zehatza ateratzera joateko ohiturarikba al daukazu?
 
Argazki elkartean badugu estudio bat muntatuta eta estudioan ateratzeko idea zehatz bat dudanean joan izan naiz. Gero, elkartekoon artean lehiaketa bat egiten dugu, eta lehiaketara horretarako gaiari buruz espreski argazkiak atera izan ditut. Tren Bide lehiaketarako Bilbo aldera ere joan nintzen, zerbait ateratzeko asmotan. Baina gehiagotan egiten dut: kamerarekin atera, eta ea zer irteten den.
 
Zein argazki ateratzea gustatuko litzaizuke?
 
Uf! Ez dut ezer zehatza buruan. Baina estudioan antzinako itxurako argazkiak ateratzea gustatuko litzaidake. Baina oso zaila da, dekoratuko parte diren aspaldiko edo aintzinako elementuak aurkitzea zaila baita. Zuri beltzean edota aspaldiko ukitua emanda bizikleta eta motor zaharrekin argazkiak ateratzea gustatuko litzaidake. Modeloak aurkitzea ere ez da erraza izaten...
 
Zuk autoerretratua aukeratu duzu. Norberak posatzea erraza alda?
 
Nik niretzako posatzea erraza da, azkenean modeloari ez diodalako adierazi behar zer transmititu nahi dudan; badakit. Kasu honetan ni bakarrik nago, eta lasai nago; gero, gaizki ateratzen bada, ezabatu eta kito. Baina beste batzuentzat posatzeak lotsa ematen dit. 
 
Azpeitiko Argazki Elkartean ere askotariko ekimenak antolatzen ari zarete.
 
Hitzaldiak, ikastaroak, erakusketak... antolatzen ari gara, mugimendu pixka bat jarri nahian. Argazki elkarteak argazkilaritzarekin lotutako gauza anitzak ikusteko eta ikasteko aukera ematen du.