Azpeitiarrak 'Nire argazkia' dokumentalean

Uztarria.eus 2012ko urr. 24a, 21:02

Gaur, asteazkena, aurkeztuko dute Bilbon "euskalkiei eta memoriari" buruzko lana. Jokin Etxeberria eta Benjamin Duinat lapurtarrek hiru herrialde, hiru herri, hiru euskalki eta hiru familia hartu dituzte dokumentalerako. Azpeitia, hemengo euskalkia eta Agirre familia tartean dira. Ane Agirrek azaldu dio Uztarriari zer-nolakoa izan den beren parte-hartzea.

Dokumental berri bat aurkeztuko dute gaur, asteazkena, Bilboko Kafe Antzokian. Nire argazkia du izenburua eta badu lotura Azpeitiarekin.

"Euskalkiei eta memoriari" buruzko lana dela azaldu dute filmaren egileek, Jokin Etxeberria eta Benjamin Duinat lapurtarrek. Hiru herrialde, hiru herri, hiru euskalki eta hiru familia hartu dituzte dokumentalerako. Azpeitia, hemengo euskalkia eta Agirre familia tartean dira; familiako hiru belaunaldi eta beste horrenbeste argazki, beren istorioak eta historia arilkatzeko. Lekeitioak eta Donapaulekoak dira azpeitiarrekin batera Nire argazkia-n agertzen diren beste bi familiak.

Ane Agirrek Uztarriari azaldu dioenez, "proiektuan parte hartzen duenetako bat nire anaiaren laguna da. Hark komentatu zion zer egin nahi zuten eta, Gipuzkoako euskalkien artean, Azpeitikoa erabiltzea gustatuko lizaiekela. Eta anaiaren bidez gure amama, gurasoak eta ni sartu ginen proiektuan".

Dokumentalean, Carmen Eizmendik -Aneren amama-, Pello Agirrek eta Mertxe Egibarrek -gurasoek- eta Ane Agirrek berak familiako argazki bana aukeratu eta hari buruz hitz egingo dute. Belaunaldi bakoitzak bere aldetik egin zituen grabazioak. "Lehenengo amamak, gero gurasoek eta gero nik grabatu genuen. Nirea 2011ko abendu bukaeran egin zuten", dio Ane Agirrek. Besteak beste, euskalkiek belaunaldi batetik bestera izaten duten eboluzioa ere azaldu nahi izan dute egileek.

Argazkiek ere badute, noski, pisua, izenburutik hasita. Agirretarrek oraindik ez dute ikusi dokumentala. "Nik ez dakit amamak eta gurasoek zer argazki erabili zituzten -kontatu du Agirrek-. Kontua da, argazkiek balio dutela familia bera lotzeko; eta aitzakia ere badira, zuk zerbaiti buruz hitz egiteko. Familiako argazkietatik abiatuta, istorioak lotzea da egin dutena".

Bilbon aurkeztu ondoren, Euskal Herrian zehar zabaldu nahi dute dokumentala. 2013an ETBn ere ematekoak dira.